Ekonomia -

Pandemia

Eusko Jaurlaritzak larrialdi sozialeko laguntza handitu du

Gainera, lehendakariak 76 milioi euroko partida bat iragarri du autonomoentzat, eta familia eta lana uztartzeko laguntza gehiago, alarma egoera luzatu dutela eta.

Eusko Jaurlaritzaren bilera, Iñigo Urkullu lehendakaria buru. Argazkia: Efe
Eusko Jaurlaritzaren bilera, Iñigo Urkullu lehendakaria buru. Argazkia: Efe
Horrela banatuko ditu Jaurlaritzak larrialdi sozialeko laguntzak

1:30

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri du Eusko Jaurlaritzak 43,5 milioira arte handitu duela larrialde sozialeko laguntza, eta 76 milioi euro bideratu dituela autonomoentzat eta familia eta lana uztartzeko neurrientzat, alarma egoera apirilaren 26ra arte luzatu dutelako.

Gobernu Kontseiluaren ostean egindako agerraldian, Osasunaren Nazioarteko Egunean, Urkulluk enplegu eta gizarte politiken arloan hartutako neurrien berri eman du, koronabirusaren krisia arintzeko bideratu duten 1.025 milioi euroko diru-funtsaren barruan kokatzen direnak.

Gaurko batzarrean, Gobernu kontseiluak Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren hainbat ekimen onartu ditu, "pertsonen eta familien beharrak asetzeko helburuarekin". Hori dela eta, larrialdi sozialeko laguntzetara beste 16 milioi euro bideratzea onartu dute.

Hasiera batean 27,5 milioi eurokoa izan behar zen laguntza, baina 43,5 milioira igo dute, eta horri esker, "COVID-19ak jotako familia askoren bizi baldintzak hobetuko dira”".

Larrialdi sozialeko laguntzak oinarrizko beharretara bideratzen dira, tartean diru-sarrera nahikorik ez duten familia edo pertsonen janzteko, hezkuntzarako, heziketarako eta osasun arretarako aparteko gastuetara.

Gainera, 76 milioi euro erabiliko dituzte Lanbideren bitartez autonomoei laguntzeko, gazte bermerako laguntzentzako eta familia eta lana uztartzeko.

Bestalde, bazterkeria eta pobrezia egoeran daudenen arazoei aurre egiteko 10 milioi euroko funtsa erabiltzen hasiko da Jaurlaritza.

Kaltetutako autonomoentzako laguntzen deialdia onartu du Lanbidek, 3 milioirekin

Testuinguru horretan, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailburuak Lanbideko Administrazio Kontseiluaren akordioaren berri eman dio Gobernu Kontseiluari; akordio horren bidez, alarma-egoeraren ondorioz jarduera etenda duten euren konturako langileentzako edo autonomoentzako ezohiko laguntzak onartu dituzte, 3 milioirekin.

Hortaz, iragarritako laguntzak nola emango diren arautu dute, eta zehaztu dute zein baldintza bete behar diren; hain zuzen ere, enpresariek eta banakako profesionalek eskatu ahalko dituzte laguntzak, bai eta ondasun-komunitateetako eta sozietate zibiletako bazkideek ere.

Interesa dutenek Euskadin izan behar dira erroldatuta, eta EAEn ondorengoa ere izan behar dute: benetako bizilekua, gizarte- eta zerga-egoitza, eta enpresa-jarduera. Lantokia ere izan behar dute EAEn.

Eskaerak, eredu ofiziala erabilita, egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira; Lanbideren web orrian ere esteka izango du.

Eskaerekin batera, alarma-egoerak jarduera eteteagatik ezohiko prestazioa jasotzeko ebazpena aurkeztu behar da. Halaber, negozioaren lokalaren alokatze-kontratua eta, dagokionean, Ondare Komunitatearen edo Sozietate Zibilaren eraketaren kreditazio-agiria ere erantsi behar dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, ohiko zure osasun-zentrora deitu; Osasun Batzordearen telefonoa, 900 20 30 50 zenbakia, eskuragarri duzu, zalantzarik izatekotan. Nafarroan bizi bazara, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Errusiaren inbasioak eragindako krisia Iñigo Urkullu Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak albisteak Lana Gaixotasunak Lanbide Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak DSBE Koronabirusa Zer egin daiteke Euskadin?