Ekonomia -
Koronabirusa
Hego Euskal Herriko hainbat enpresak "gutxieneko" jarduerari ekingo diote berriro
Arcelor Mittal, Tubos Reunidos, Mondragon Korporazioa eta Tubacex dira, besteak beste, funtsezko jarduerari eutsiko dioten enpresetako batzuk, "gomendatutako segurtasun neurriak errespetatuz".
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak argitu du zeintzuk diren Eusko Jaurlaritzaren Errege Dekretuaren arabera Euskadin gutxieneko jarduera mantenduko duten sektoreak, eta, hasieran aurreikusitakoaren aldean, ezinbestekotzat jo daitezkeen enpresei ere gutxieneko jarduera baimenduko zaie.
Dekretu horri jarraituz, Arcelor Mittal, Tubos Reunidos, Mondragon Korporazioa eta Tubacex enpresek funtsezko zerbitzuei eutsiko diete.
Sestaoko ACBk itxita jarraituko du, pandemiaren ondorioz bezero nagusiek euren jarduera gelditu dutelako, enpresako iturriek jakitera eman dutenez.
Konpainiak adierazi du bezero askok, autogintzaren sektorekoak, esaterako, beren jarduera gelditu dutela, eta, ondorioz, ArcelorMittalek ekoizpena murrizteko plangintza egin behar izan duela, eta, testuinguru horretan, ACBren jarduera etetea erabaki du.
"Gelditu beste erremediorik ez dago", gaineratu du. Kasu honetan, enpresak arrazoi ekonomiko eta produktiboengatik indarrean zuen aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea aplikatzen ari da, eta soldataren % 90 ordaintzen hasi da.
ArcelorMittal
Arcelorrek Euskadin dituen beste lantegi batzuetan, Olaberrian eta Bergaran, Gipuzkoan, "ezinbesteko gutxieneko jarduera" mantentzen ari ziren, eta, oraingoz, egoera horretan jarraituko dute.
Etxebarriko lantegia, berriz, normaltasunez ari da lanean, latorria ekoizten baitu, eta elikagaien industriarako ontziak egiten dituztenei banatzen die. Gainera, Agurainen duten eraldaketa zentroa etetea erabaki dute.
Nafarroan, Lesakako lantegiaren zati batek laten eraztunetarako altzairua fabrikatzen du, eta, beraz, egun geldirik dagoen arren, datorren astean jarduerari ekitea erabaki dute, ekoizpen horri erantzuteko.
Bestalde, margoekin lan egiten duen Legasako lantegia geldirik dago, eta egoera horretan jarraituko du. Berriobeitikoa, eraikuntzari eskainitakoa, ere itxita dago, eta itxita jarraituko du.
Tubos Reunidos
Tubos Reunidosek, bestalde, bere jarduera berraktibatuko duela iragarri du Gobernu zentralaren errege lege-dekretua malgutu ostean, eta "ezinbesteko gutxienekoari" eutsiko diola.
Enpresako iturriek adierazi dutenez, arau eta jarraibide soziosanitarioak "errespetatuz eta aplikatuz" itzuliko da bere lantegiko jardueretara.
Mondragon Korporazioa
Mondragon Korporazioak jakinarazi du, euren jarduera "ia guztiz itxita" dagoela, baina, errege lege-dekretua argitu denez, nazioarteko bezeroekin "ezinbestekoak eta gutxienekoak diren konpromisoak betetzea" ahalbidetzen du.
Mondragon Korporazioko iturriek adierazi dutenez, kooperatibako talde "gutxi" batzuk "funtsezkotzat" jotzen dira, baina gainerakoak "minimotan" daude. "Ia erabat itxita gaude", azpimarratu dute.
Tubacex
Tubacexek martxoaren 29ko 10/2020 Errege Lege Dekretuaren aplikazioari buruz Industria Ministerioak sektorearentzat egindako interpretazio-oharraren ostean eta Eusko Jaurlaritzak martxoaren 31n emandako azalpen-oharraren ondoren, bere jarduerari berriro ekingo diola erabaki du.
Enpresak nabarmendu du bere lehentasuna beharrezkoak diren prebentzio-neurri guztiak bermatzea dela, lana "ahalik eta segurtasun-maila handienarekin" egin ahal izateko.
Tubacexek Araban dituen lantegien fakturazio ia osoa esportazio-merkatura bideratuta dago. Hala, epe labur eta ertainean hitzemandako entregak modu mailakatuan burutuko dira, eta nazioarteko kontratuak betetzea bermatzen duten gutxieneko mailak beteko dira.
Azken asteetan, ziurgabetasun egoerak eta lantegietako geldialdiek hainbat eskaera bertan behera uztea eragin dute. Testuinguru horretan, jarduerari eustea "guztiz beharrezkoa da negozioaren iraunkortasuna bermatzeko", Arabako enpresaren arabera.
Tubacexek Laudion eta Amurrion dituen instalazioetan energiaren, uraren, airearen eta gasen tratamenduaren sektoreetarako funtsezko osagaiak fabrikatzen eta hornitzen dituzte. Bestalde, enpresa industria elektriko intentsiboaren parte da, eta hori beharrezkoa da sistema elektrikoaren hornidura eta egonkortasuna bermatzeko.