Ekonomia -
Protestak
Eguraldi kaskarrak ez du pentsio 'duinen' aldarrikapena geldiarazi
Denboraleari aurre eginez, milaka pertsonak parte hartu dute manifestazioetan. Mugimenduko bozeramaile batek adierazi duenez, "nahiz eta eguraldi kaskarra izan, parte-hartze ikaragarria izan da".
eitb.eus
Milaka pertsonak pentsio publiko "duinak" aldarrikatzeko manifestazioak babestu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Diru-laguntzotan KPIren igoera berehala aplikatzea eskatu diote Espainiako Gobernu berriari.
Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioak deitu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Eibarren (Gipuzkoa) eta Tuteran (Nafarroa), sindikatu nagusien babesarekin.
Denboraleari aurre eginez, milaka pertsonak hirietako erdialdean ibilbidea egin dute. "Euripean eta eguzkipean, pentsioa defendatu" leloa oihukatu dute manifestariek gaurkoan.
Bilboko martxa jendetsuena izan da. Lau zutabe ezberdin hiriko toki desberdinetatik abiatu dira, eta Moyua plazan bat egin dute 18:00ak aldera.
Bertan, Jon Fano mugimenduko bozeramaileak adierazi duenez, "nahiz eta eguraldi kaskarra izan, parte-hartze ikaragarria izan da. Nahiz eta 96 astelehen jarraian eraman, 13 manifestazio lau hiriburuetan eta ia bi urteko mobilizazioa, ikaragarria da", errepikatu du.
"Gobernu bat ala bestea atera, exijituko diogu. Nahiz eta Unidas Podemosekin koalizioa osatu, Gobernua PSOEk zuzenduko du; orain arte baino sentsibilitate handiagoa azaltzea espero dugu".
Gobernu berriak "berehala" pentsio guztiei KPIren igoera aplikatzea eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea nahi dute.
Donostiako manifestazioa. Argazkia: EFE
Era berean, Gobernu berriak lanbide arteko soldata 1.200 eurora igotzeko konpromisoa hartzea nahi dute, "Gizarte Segurantzaren diru-sarrerak nabarmen areagotzeko; bestela, etorkizun zaila dugu aurretik eta ez hainbeste orain pentsiodunak garenok, datozen belaunaldiek baizik".
Abenduko aparteko ordainsaria pagatzeko Gizarte Segurantzako diru-kutxatik beste 3.500 milioi euro atera izana kritikatu du bozeramaileak. Baliabide gehiago behar dituztela nabarmendu du Fanok.
Asteleheneko elkarretaratzeekin jarraitzeaz gain, abenduan zehar Gasteizko eta Iruñeko parlamentuen aurrean mobilizazioak deituko dituztela iragarri du Fanok. Pentsio sistema publikoaren defentsarekin konpromisoa hartzea eta eztabaida Kongresura eramatea eskatuko diete ordezkari politikoei.
Gasteizko manifestazioa. EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
Mikel Noval ELAko Gizarte Politiketarako arduradunak eta Garbiñe Aranburu, Loli Garcia eta Raul Arza LAB, CCOO eta UGT Euskadiko idazkari nagusiek, hurrenez hurren, Bilboko manifestazioan parte hartu dute.
Iruñeko manifestazioak hauteskundeetako promesak betetzea eskatu die politikariei. "Pentsio sistema publikoaren finantziazioa bermatzeko" beharrezkoa dena "berehala" egitea eskatu diote Gobernuari.
Ehunka pertsonak parte hartu dute Nafarroako hiriburuko protestan. Euripean hiriko erdialdean ibilbidea egin du manifestazioak, "1.080 Gutxieneko pentsioa. Pentsionistak aurrera" lelopean. Amona, Oneka, Pentsionistak Martxan eta Sasoia elkarteek hainbat pankarta eraman dituzte.
Pentsiodunen manifestazioa Iruñean. Argazkia: EFE
Aterki azpian babesturik "Gobernuak gobernu, pentsioak defendatu", "Lapurrak erakundeetatik kanpora" edo "Terrorismoa hilebete bukaerara ez iristea da" bezalako leloak oihukatu dituzte manifestariek. Protesta abiapuntuan bukatu da, Sarasate pasealekuan, alegia. Kolektiboetako bozeramaileek agiri bat irakurri dute bertan.
"Gaur, hauteskunde orokorrak izan eta sei egun geroago, hemengo eta Estatuko erakundeei gogoan hartzeko irmo esaten diegu, ez dugu promesik, ipuinik edo atzerapenik nahi", azpimarratu dute. "Agintzeko eta ez egiteko denbora agortu da", erantsi dute.
Horregatik, "berehala, jarduneko gobernuarekin edo ez, pentsio sistema publikoaren finantziazioa bermatzeko dekretuak onartzea, 2010eko eta 2012ko lan-erreformak eta 2011ko eta 2013ko pentsioen murrizketak indargabetzea" eskatu dute.
Manifestazioa duela urte batzuk eskakizunak kalean jarri zituen mugimenduaren baitan kokatu dute, eta helburuak lortu arte etsiko ez dutela ziurtatu dute; "aniztasunetik" baina kolektibo deitzaile bakoitzaren "aldarrikapen bereziekin" Estatu eta Europa mailan bat egingo dutelako.
Benito Uterga deitzaileen bozeramaileak kazetarien aurrean gogorarazi duenez, azken gobernuak, orain jardunean dagoenak, "neurri-sorta hartu behar zuela agindu zuen, baina ez du ezer ere egin".
Azkenik, Eibarren (Gipuzkoa) mobilizazioa goizean egin dute. Protesta Untzaga plazatik abiatu da, 12:00etan.