Politika -
EH BILDU
EH Bilduk lehendakariarekin "harreman irekia" nahi du, bazterketarik egin gabe
Nerea Kortajarena EH Bilduko bozeramaileak berretsi du oposizioko lehen alderdi gisa, "konfiantzak ehundu" nahi dituela Gobernuan dauden alderdiekin, eta azpimarratu du ez dagoela "inolako mehatxu edo arriskurik", EAJk eta PSEEk azken egunotan erakutsitako jarrerari erantzunez.
EITB MEDIA
Nerea Kortajarena EH Bilduk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak oposizioko buruaren eta lehendakariaren arteko konfiantzazko eremu baten aldeko apostua egin du, "bazterketarik gabe", "harreman ireki batean bezala".
Pradalesek Pello Otxandiano Ajuarienean hartu eta egun gutxiren buruan, ostegun honetan elkarrizketa egin diote Kortajarenari Herri Irratian, eta EH Bilduren bozeramaileak berretsi du oposizioko lehen alderdi gisa "konfiantzak ehundu" nahi dituela Gobernuko alderdiekin. Hala, baztertu egin du Pello Otxandianok Imanol Pradalesi egindako proposamena baztertzailea izatea.
"Konfiantzazko eremuak proposatzen direnean urduri jartzen dira batzuk", esan du, EAJko eta PSE-EEko buruek azken egunotan azaldu duten zalantzak argitu nahirik, eta "harreman hori normaltasun eta lasaitasun handiagoz bizi" dezatela aholkatu die. "Ez dago inolako mehatxurik, ezta arriskurik ere", esan du, elkarrekin egindako Gobernu akordiari erreferentzia eginez.
Kortajarenak adierazi duenez, Estatutua eguneratzeko beharraren harira dagoeneko "adostasun" batetara iritsi ondotik, legegintzaldi honetan, "herri honek eskatzen duen estatus berriari heldu behar zaio, eta nazio gisa aitortu behar da".