Politika -

Osakidetza

Osasun arloko euskal itunak pazienteen elkarteen "ikuspuntua" ere izango du kontuan

Osasun sailburuak esan du "pertsonengandik hurbil dagoen osasun zerbitzua" bermatzea dela bere helburua, eta adierazi du bere sailak "ahalegin inbertitzailea, klinikoa eta ikertzailea" sustatuko duela horretarako.

Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitala. Argazkia: Irekia
Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitala. Argazkia: Irekia
Galdakao-Usansoloko Unibertsitate Ospitala. Argazkia: Irekia

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gaur nabarmendu duenez, Imanol Pradales lehendakariak iragarritako osasun arloko euskal itunak pazienteen elkarteen "ikuspuntua" ere izango du kontuan, eta horretarako hainbat bilera egingo dituzte irailetik aurrera.

Martinezek 'Busti zaitez esklerosi anizkoitzaren alde' ekimenaren XXVII. edizioan parte hartu du gaur goizean Getxon, Ereaga hondartzan. Bertan, "emakumeei gehiago eragiten dien" gaixotasun honen inguruan gizartea kontzientziatzeko deia egin du. Ildo horretatik, "ikuspen txikia izan arren", gero eta zaintza maila handiagoa eskatzen duela azaldu du.

Kazetarien aurrean egindako agerraldian, sailburu berriak azpimarratu du lehendakariak bultzatzen duen osasun arloko akordio zabalaren baitan "gaixoen elkarteak ere kontuan hartu nahi" dituztela.

Zehaztu duenez, helburua da "ikuspuntu zabalena" izatea, bereziki pazienteen eta haien elkarteen ekarpena kontuan izanda, ez bakarrik profesionalen elkargoena, unibertsitateena, sindikatuena eta alderdi politikoena.

Osasun sailburuak esan du "pertsonengandik hurbil dagoen osasun zerbitzua" bermatzea dela bere helburua, eta adierazi du bere sailak "ahalegin inbertitzailea, klinikoa eta ikertzailea" sustatuko duela horretarako. Gainera, pazienteen elkarteak izango dituzte kontuan ikerketan erabaki estrategikoak hartzeko, besteak beste.

Sailburuaren hitzetan, pertsona orok arreta mediko, publiko eta unibertsal onena jasotzeko eskubidea du, eta "profesional onenek eskura dituzten baliabide onenekin" emandako arreta bermatzea da helburu nagusia.

Ildo horretatik, irailetik aurrera pazienteen elkarteekin bilerak egingo dituztela iragarri du, baina oraindik "lan-metodologia egituratzen" ari direla onartu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza EAJ-PNV Bilbo Donostia Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Osasun albisteak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Galdakao-Usansolo Ospitalea Ongizatea eta osasuna