Politika -
Hauteskundeak Euskadin
Eneko Andueza eta Denis Itxaso izango dira PSE-EEren Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburuak, hurrenez hurren
PSE-EEko lehendakarigaia izango da Bizkaiko zerrendaburua EAEko hauteskundeetan, eta Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria Gipuzkoan. Arabako zerrendaburua, berriz, Aroa Jilete izango da.
EITB Media
Eneko Andueza PSE-EEko lehendakarigaia izango da Bizkaiko zerrendaburua Euskadiko hauteskundeetan, eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria Gipuzkoan, EITBk baieztatu duenez. Gainera, Aroa Jilete izango da Arabako PSE-EEren zerrendaburua.
Itxaso Politika Zientzietan lizentziatu zen EHUn 1998. urtean. Urte berean, PSE-EE alderdian sartu zen, eta Donostiako Udaleko zinegotzi izan da ordutik kultura, mugikortasun eta ingurumen alorretan.
2015eko ekainaren 24tik Gipuzkoako Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako foru diputatua izan zen EAJ eta PSE-EEren arteko koalizio gobernuan. 2020an, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkari izendatu zuten, Jesus Loza ordezkatuz.