Politika -

Zentsura mozioa

Anduezak zehaztu du Iruñeko zentsura moziorako akordioa "kontu lokala" dela

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen inguruan, PSE-EEko idazkari nagusiak esan du sozialistek ez dutela "EH Bilduko hautagaia lehendakari egingo".

Andueza eta PSE-EEko beste buruzagi batzuk, Irungo Udalean. Argazkia: EFE
Andueza eta PSE-EEko beste buruzagi batzuk, Irungo Udalean.
Andueza eta PSE-EEko beste buruzagi batzuk, Irungo Udalean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ziurtatu duenez, EH Bilduk, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin-ek egindako akordioa, Cristina Ibarrola (UPN) Iruñeko alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkezteko eta Joseba Asiron (EH Bildu) alkate egiteko, "Nafarroako Alderdi Sozialistako alderdikideei dagokien kontua da, haiek hartu baitute erabaki hori". Anduezak zehaztu du "kontu lokala" dela, soilik Iruñeko Udalekoa.

"Nik oso ondo ezagutzen dut Iruñeko errealitatea, familian tokatzen zaidalako, eta esan dezaket, jakina, Udala erabateko paralisian murgilduta zegoela", azaldu du sozialistak. "Ez gaude egoera horretan, eta ez naiz nor nire eskumenekoak ez diren gaiei buruzko erabakiak hartzeko", gaineratu du.

EAEn, PSE-EEk "unea iristen denean hartu beharreko erabakiak" hartuko ditu, baina "ez du EH Bilduren hautagaia lehendakari egingo".

Ildo horretan, gogorarazi du PSE-EE, "aurrekontuei eta proiektu estrategikoei dagokienez, akordio puntualak lortzen" ari dela "hiri askotan EH Bildurekin eta beste indar politiko batzuekin, baita EAJrekin, Elkarrekin Podemosekin eta PPrekin ere, alderdi horiek gurekin egiten duten bezala, eta EH Bildurekin beste erakunde batzuetan, hala nola Eusko Legebiltzarrean eta Batzar Nagusietan".

Nolanahi ere, gaineratu du ez duela antzeko itunik sinatuko EAEko hauteskundeen ostean. "Aspalditik ari naiz esaten PSE-EEk ez duela lehendakari egingo Euskal Herria Bilduren hautagai bat. Baieztapen hori berresten dut eta, jakina, PSEk amaieraraino eramango duen baieztapena da. Euskadiren etorkizunari buruzko erabakiak Euskadin hartzen dira, eta Euskadiko Alderdi Sozialistak hartuko ditu", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea PSN Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Eneko Andueza