Politika -
EITB Focus
Goiak zinegotzi bat gehiago lortuko luke Donostian, eta Izagirrek hobetu egingo lituzke EH Bilduren emaitzak
EH Bilduk hazkunde handiena izango luke bototan, baina EAJtik 12 puntura geratuko litzateke.
D. P. | eitb media
EAJk irabaziko lituzke maiatzaren 28ko udal hauteskundeak Donostian, duela lau urteko emaitzak hobetuta, eta EH Bildu bototan hazkunde handiena izango lukeen alderdia izango litzateke, baina alderdi jeltzaletik urrun geratuta, 12 puntura, EITB Focus makroinkestaren arabera.
Euskadin inoiz egindako inkestarik handiena da EITB Focus. Udal eta foru hauteskundeak egiteko bi hilabete falta diren honetan, EITB taldeko hedabideek Batzar Nagusietarako aurreikuspenak publikatu zituzten atzo, eta gaur, aldiz, udaletakoak.
PDFa: EITB Focus, EAEko 11 udalerritan boto asmoari buruzko inkesta
Horren arabera, EAJk 11 zinegotzi eskuratuko lituzke Gipuzkoako hiriburuan, duela lau urte baino bat gehiago, bototan ere gora eginda: % 35,8tik % 36,3ra. Hori horrela, Eneko Goia alkateak hirugarren agintaldia erdietsiko luke.
Bestalde, EH Bildu 2,7 puntu haziko litzateke boto-portzentajean, eta ordezkari bat gehiago jasoko luke, 7.
Hirugarren lekuan, PSE-EEk egungo ordezkaritzari eutsiko lioke (5), bototan 0,3 puntu atzera egingo lukeen arren.
Urrunago, Elkarrekin koalizioak eta PPk zinegotzi bana galduko lukete, 2na lortuta. Horien jaitsierak 0,3 eta 1,8 puntukoak izango lirateke, hurrenez hurren.
Metodologia
EAEn, 6.649 pertsona elkarrizketatu dituzte udal eta foru hauteskundeei buruzko EITB Focus berezia prestatzeko. Horietatik, 1.543 Araban izan dira; 2.483, Bizkaian, eta 2.623, Gipuzkoan. Nafarroan, aldiz, 1.204.
Inkestak otsailaren 27a eta martxoaren 17a bitartean egin zituzten EAEn, eta otsailaren 22a eta 27a bitartean Nafarroan.
Konfiantza mailari eta beste hainbat adierazle estatistikori buruzko informazio sakonagoa ezagutzeko, kontsultatu ikerketaren PDFa.