Politika -
MEMORIAREN EGUNA
Euskal gizarteak bakearen alde duen konpromiso zibikoa aitortu du Urkulluk Memoriaren Egunean
Aurten, bakearekin konprometitutako pertsonak eta mugimenduak aintzatetsi ditu Eusko Jaurlaritzak.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak "euskal gizartearen gehiengo zabal batek terrorismoaren aurrean eta bakearen, askatasunaren eta bizikidetzaren alde duen konpromiso zibikoa" nabarmendu du. "Ez da historia berridatzi nahi, baina bai egin genuena balioesten saiatu", gaineratu du.
Memoriaren Egunaren harira, gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiko egoitzan egin den ekitaldian buru izan da lehendakaria. Bertan esan duenez, "euskal gizartearen zati txiki batek justifikatu, babestu eta oinarri soziala eman zion indarkeria helburu politikoekin erabiltzeko estrategiari", baina "euskal gizartearen gehiengoak giza eskubideekiko, bizitzarekiko eta pertsonen askatasunarekiko konpromisoa erakutsi zuen".
Aurtengo leloak ("Bakearen alde egin zenuten guztioi, eskerrik asko!") garbi adierazten du nori begira antolatu duten ekitaldia, bereziki urterik gogorrenetan gehiengoak bakearen alde agertu zuen konpromiso zibikoa eskertu nahian.
Hala, bakearen alde mobilizatu zirenei zuzendu zaie bere hitzaldian Urkullu: "Zuen adore eta erabakitasunik gabe bidea eta amaiera desberdinak izango ziren orain". "Eskerrik asko ehunka mila pertsona anonimori izandako konpromisoagatik; zuen isiltasunarekin ahotsa altxatuz edo lazo urdina eramanez, ETAren, indarkeriaren eta terrorismoaren amaierarako ekarpen erabakigarria egin zenuten, bakea ekartzen eta bizikidetzan aurrera egiten", azaldu du.
Lehendakariak Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailea izan du lagun. Indarkeriaren biktimak gogoratu ditu, eta, Foru Gobernuaren izenean, elkartasuna eta babesa helarazi dizkie. "Egia zor dugu, justizia zor dugu, erreparazioa zor diegu ETAren indarkeria jasan zuten pertsonei, baita bestelako urraketak jasan zituzten herritarrei ere", adierazi du.
Hain zuzen ere, foru-bozeramailearen iritziz, bakearen aldeko mugimenduek euskal gizarteari egindako ekarpen nagusietako bat izan zen biktimen sufrimendua azaleratzea, eta, gainera, giza eskubideen eta bizikidetzaren aldeko mezua zabaldu zuen.
Ekitaldian, ordezkaritza politiko eta instituzional zabala izan da, besteak beste, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburua, Aintzane Ezenarro Gogora Memoriaren Institutuko zuzendaria eta Eneko Goia Donostiako alkatea izan baitira bertan. Halaber, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Jokin Bildarratz, Iñaki Arriola eta Bingen Zupiria sailburuak eta Jesus Peña Lehendakaritzako idazkari nagusiak hartu dute parte.
Terrorismoaren biktimak eta biktimen elkarteetako kideak ere izan dira, besteak beste, Gorka Landaburu, Alberto Muñagorri, Kati Romero, Jorge Mota, Beatriz Fernandez eta Albino Machado.