Politika -

Eusko Legebiltzarra

Lantalde batek zehaztuko ditu Hezkuntza Legearen inguruan "akordio zabala" lortzeko oinarriak

EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk proposatuta, lantaldea osatzea onartu du Eusko Legebiltzarrak. Elkarrekin Podemos-IUk babesa eman dio; PP+Cs koalizioa, ostera, abstenitu da.

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE

Agentziak | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etorkizuneko hezkuntza sistemaren inguruan "akordio zabala" lortu ahal izateko oinarriak zehaztuko ditu lantalde batek Legebiltzarrean. Ondoren, Eusko Jaurlaritzaren lege berrian izango du isla. Datorren urtean arau berria Gasteizko Ganberara eramateko helburua dute.

EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk proposatuta, lantaldea osatzea onartu du Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurak ostegun honetan. PP+Cs koalizioaren ekimen bati zuzenketa bat aurkeztu diote indar politiko horiek, eta bertan jaso dute lantaldea osatzea. Elkarrekin Podemos-IUk babesa eman dio; PP+Cs koalizioa, ostera, bozketan abstenitu da.

Lantaldean, aditu, gizarte eragile eta erakundeetako ordezkariek ekarpenak egingo dituzte, eta ondorioak Hezkuntza Sailari igorriko dizkiete, lege berriaren oinarriak ezartzeko. Araudia datorren urtean onartzeko asmoa du Jaurlaritzak, Iñigo Urkullu lehendakariak Politika Orokorreko osoko bilkuran horretarako konpromisoa agertu baitzuen, iragan irailean.

Leixuri Arrizabalaga EAJko legebiltzarkideak defendatu duenez, alderdiak datozen 30 urteetarako hezkuntza gida bezala balioko duen marko berri bat definitzeko kapaz izan behar dira, indarrean dagoen legedia 1993an onartu baitzuten.

Bestalde Ikoitz Arresek (EH Bildu) uste du lantaldea osatzea erabakigarria izango dela, "adostasun sendo eta zabalak" lortzeko aukera ematen duelako. "Hezkuntza sistema publiko burujabe" baterantz aurrerapausoak ematea defendatu du.

PP+Cs koalizioaren proposamena atzera bota dute. Lege berriak "hizkuntza aukeratzeko askatasuna modu eraginkorrean eta benetan bermatzea, eta itunpeko sarea sendotzea", planteatu du eskuineko koalizioak, besteak beste.

Jose Manuel Gil legebiltzarkideak EAJri eta PSE-EEri aurpegiratu die hezkuntza itun bat sustatzea, baina jarraian "EH Bildurekin soilik adostea". Lege berrian eskuineko koalizioaren ikuspuntua jasotzeko prest ote dauden argitzeko eskatu die Gobernuko alderdiei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV LOMLOE hezkuntza legea Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Euskal Eskola Publikoa EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hezkuntza