Politika -
KORONABIRUSA
Euskadik bosgarren uhin pandemikoa gainditu du, lehendakariaren arabera
Urkulluk uste du ikasturte berriari joera positiboarekin emango zaiola hasiera, hirugarren lauhilekorako helburu berriak proiektatzea ahalbidetzen duen oinarriarekin.
A. S. | EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak ziurtatu duenez, Euskadik bosgarren uhin pandemikoa menderatzea lortu du, baina, egungo agertokia hobea izan arren, "errealismo, konpromiso eta erantzukizun jarrera berari eutsi behar diogu", birusaren aurkako borroka irabazi ahal izateko, erantsi du.
Jaurlaritzak astearte honetan ekin dio berriro ikasturte politiko berriari, udako oporretatik itzuli ostean, Donostiako Miramar Jauregian egin ohi duten bilerarekin. Espero zen bezala, heldu beharreko gai nagusia covid-19aren pandemia izan da.
Lehendakariaren arabera, uda honetan, Euskadin eta Europa osoan "uhin pandemiko berri bati aurre egin diogu", eta hori, bere ustez, guztion ahaleginari esker izan da.
Horrela, ikasturte berria joera positiboarekin hasiko da, "hirugarren lauhilekorako helburu berriak proiektatzeko aukera ematen digun oinarriarekin, Bizi Berri IV Planak eta covid-19aren pandemia Kudeatzeko Neurrien Legeak ezartzen dutenaren esparruan", gaineratu du.
Datozen hilabeteetako helburua intzidentzia metatuaren tasa 60tik behera kokatzea eta egonkortzea dela azpimarratu du, hau da, "1. alerta-mailan mantentzea". Ildo horretan, datozen asteetarako hiru helburu finkatu ditu: intzidentzia-tasa 300etik behera kokatzea; ZIU okupazioa 1. agertokiko zifra baxuenetara murriztea; eta pauta osoa dutenen txertaketa-estaldura % 85era zabaltzea.
Ikastetxeetako ikasturte berriari dagokionez, lehendakariak uste du nahiz eta abiapuntua iaz baino hobea izan, zuhurtzia eta prebentzioa areagotu behar direla. Atzo bertan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak adierazi zuenez, irailean ikasgeletara bueltatzeko aurreikusita dagoen protokoloa iazkoaren "oso antzekoa" izango da.
Bestalde, lehendakariak autogobernuaren defentsa eta Autonomia Estatutua osorik betetzea aldarrikatu du, baita "eskumenen higadurari" aurre egitea ere "autogobernua defendatuz eta hartan sakonduz, egueneratze bat oinarri hartuta".
Bere ustez, Autonomia Estatutua onartu eta 41 urtera, eta "testuinguru politiko guztiz ezberdin batean, gizarte erabat ezberdin baten aurrean", autogobernu aitortuak "gaurkotzea eta sakontzea merezi du".