Politika -

RADIO EUSKADI

Txertaketa irregularren gaia itxitzat eman dute EAJk eta PSEk

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PP+Cs-ek, aldiz, Sagardui sailburuak gezurra esan duela eta dimititu egin beharko lukeela esan dute, berriro.

Radio Euskadiko Bilboko estudioa, gaur. Argazkia: EITB Media.
Radio Euskadi
Radio Euskadiko Bilboko estudioa, gaur. Argazkia: EITB Media.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako bi gobernu-bazkideek, EAJk eta PSEk, itxitzat eman dute txertaketa irregularren inguruko eztabaida. Basurtu eta Santa Marina erietxetako bi goi-kargudunek ez zegokienean txertoa hartu zutela zabaldu zenean lehertu zen gaia, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azalpenak eman behar izan ditu, asteon, Eusko Legebiltzarrean, ikerketaren nondik norakoak jakinarazteko.

Radio Euskadiko Parlamento en las Ondas saioan, jeltzaleek eta sozialistek bereari eutsi diote, eta Sagarduik emandako azalpenak zuzenak eta argiak izan zirela iritzi ziote.

Luis Javier Telleria EAJren legebiltzarkideak uste du, txertaketa prozesua "oso konplexua" dela eta "arazoren bat" egon bada ere, sailburuaren erantzuna "irmoa" izan dela "beti". Txertaketen koordinazioan egon diren "hainbat akats" onartu egin dituela nabarmendu du, eta gezurretan ez dela ibili.

Telleriaren ahotan, “hanka-sartze baten aurrean, megahertzak igotzea erabaki du oposizioak”, Sagarduik “gezurrik esan ez duenean”. Gainera, Elkarrekin Podemosek ikerketa batzorde bat eskatu izana deitoratu, sailburua “dagoeneko epaitu dutenean”.

Sagarduik bere azalpenekin “ez zuen inor konbentzitu”, adierazi du Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak. Egoera “erabat jasangaitza” da, erantsi duenez. “Legebiltzarrari eta gizarteari gezurra esateagatik dimisioa eman behar du, jakinaren gainean ez zegoela esateagatik, irregulartasunen berri zuela bistan geratu denean”, zehaztu du.

Bestalde, Gloria Sanchez ordezkari sozialistak onartu duenez, txertaketa irregularrak “gaitzesgarriak” dira, eta “ez dute inolako aitzakiarik”. Hala ere, gertakarien berri izan bezain pronto, “Osasun Sailak erdizka ibili gabe erantzun zuen, kargudunak dimisioa ematera behartu edo zuzenean kargutik kendu zituelako”. Sanchezen hitzetan, “ñabardura garrantzitsua” da, beste toki batzuetan “arduradun politikoek txertoa hartu eta karguan jarraitzen dutelako”.

Jon Hernandez Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkideak ziurtatu duenez, gertatutakoak eta Sagarduik ondoren emaniko azalpenek ez lukete soilik dimisioa ekarri behar, “argitu gabe dauden gauza asko argitzea” baizik, eta gainera, “erantzuteko galdera asko” daude orandik. “Garbiena Legebiltzarrak ikerketa batzorde bat martxan jartzea litzateke, xehetasun, bertsio eta gertatutakoa zehatz ezagutzeko”, eskatu du.

Azkenik, Laura Garrido PP+Cseko legebiltzarkideak uste du Osasun sailburuak “mailarik” ez duela eman. Gertatutakoa “ez da deskoordinazio oker xume bat izan”, gaineratu duenez. “Txertaketa prozesua inguratzen duen guztia, kudeaketa, kaskarra izan da”, esan du. Aldi berean, koalizioak Sagarduiren dimisioa gogorarazi du Garridok.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Osakidetza Nafarroa Albisteak Gaur Albisteak Basurtuko ospitalea EAJ-PNV EH Bildu PSE-EE Podemos Ahal Dugu Euskadi Gaixotasunak argazkiak Osasunari buruzko albisteak Gurutzetako ospitalea Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak