Politika -

U12

200 pertsonak ez dute botoa emateko eskubiderik izango COVID-19agatik

Azken 14 egunetan PCR probetan positibo eman edo sintomak dituzten pertsonak ezin izango dute botorik eman, “bakarturik egon behar dira, salbuespenik gabe”, azaldu du Nekane Murga Osasun sailburuak.

PCR probak COVID-19 agerraldian, Ordizian (Gipuzkoa). Artxiboko argazkia: EFE
PCR probak COVID-19 agerraldian, Ordizian (Gipuzkoa). Artxiboko argazkia: EFE
11 positibo berri atzeman dituzte Ordiziako fokuarekin lotuta

1:54

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

200 pertsona inguruk ez dute botoa emateko eskubiderik izango igandean, Euskadin, COVID-19arekin kutsaturik daudelako, Nekane Murga Osasun sailburuak ostiral honetan jakitera eman duenez.

Osasun sailburuak COVID-19arekin kutsatutako herritarrentzako eta koarentenan dauden harremanentzako protokoloaren berri eman du prentsaurrekoan. Aurrenak ezin izango dute botorik eman, eta bigarrenak prebentzio neurriak betez hauteslekuetara joateko aukera izango dute, PCR proban negatibo eman baldin badute.

Protokoloaren arabera, azken 14 egunetan PCR probetan positibo eman edo sintomak dituzten pertsonak ezin izango dute botorik eman, “bakarturik egon behar dira, salbuespenik gabe, aurreikusitako epean” eta “ezin dute mahaietan parte hartu, botoa eman, ezta edozein jarduera presentzial egin ere”.

Egoera horretan 200 bat pertsona daude une honetan, Osasun sailburuak zehaztu duenez.

“Harreman estuak”, baina negatiboak

“Harreman estuak” baina PCR proba negatibo eman dutenei dagokionez, “badaezpada bakarturik eta zaintzapean” daude, ondorioz, “hauteskunde mahaietan ezin dute parte hartu”.

Aldiz, botoa emateko aukera izango dute, “baina segurtasun neurri batzuk betetzeko konpromisoarekin”.

Horrela, ahal izanez gero, botoa etxetik prest ekarri beharko dute; izan ere, hauteslekura joateko bakarrik atera ahal dira etxetik, ondoren berehala itzultzeko.

Une oro maskara kirurgikoa jantzi beharko dute, “1,5 metroko segurtasun distantzia mantendu eta, posible den heinean, hobe bi metrokoa”, eta “hauteslekura sartzerakoan eskuak garbitu”.

Gainera, PCR proban negatibo eman duten harremanak “boto-emaile kopururik txikiena espero den ordutegian” hurbildu beharko dira hauteslekuetara.

PCR probaren emaitzaren zain dauden boto-emaileak

Bestalde, uztailaren 12an PCR probaren emaitzaren zain daude boto-emaileak bakarturik egon beharko dira, eta “ezin izango dute botoa eman probaren emaitza jakin arte”, Murgak adierazi duenez.

Probaren emaitzen berri emateko batezbeste 8 ordu behar dituztela gogorarazi du sailburuak. Boto-emaileek negatibo eman dutela baieztatu bezain laster, botoa emateko aukera izango dute. Positibo emanez gero, ostera, ez dute boto eskubiderik izango.

Murgak eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak onartu dutenez, COVID-19arekin kutsatutako pertsonak beste edonoiz bozkatzeko formularik ez dago. Zentzu horretan, “tuberkulosia”, azken egunetan “aldaka hautsi” edo “bihotzekoa ala buruko odoljarioa” izan duten herritarrekin alderatu dituzte sailburuek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak Alderdi politikoak Gaixotasunak Gizartea Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak EiTB Focus Osasun albisteak Hauteskundeak Hauteskunde inkestak Koronabirusa Euskal Autonomia Erkidegoko emaitzak