Politika -
Hauteskundeak
1.788.602 lagun daude deituta uztailaren 12ko Legebiltzarrerako bozetara
Posta bidezko botoa maiatzaren 19tik eta uztailaren 2ra arte eska daiteke, eta atzerrian bizi direnek maiatzaren 19tik ekainaren 13ra.
Agentziak | Erredakzioa
1.788.602 pertsonak osatzen dute 2020ko martxoaren 1ean itxitako hautesle-errolda, eta uztailaren 12an hautatuko dituzte XII. legegintzaldia izango duen Eusko Legebiltzarrerako 75 legebiltzarkideak, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Hauteskunde-prozesua gainbegiratzeko lanak Hauteskunde Batzordea osatzen duten 115 pertsonek egingo dituzte, Batzorde Zentrala, autonomia-erkidegokoa, lurralde historikokoa eta eskualdekoa osatzen dutenek, alegia. Prozesua astearte honetan hasiko da, hauteskunde-deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean, eta Eusko Legebiltzar berria eratzen denean amaituko da.
Segurtasun Saileko Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen Zuzendaritzak abian jarritako www.hauteskundeak.eus orrialdeak aukera emango du hauteskundeen inguruko informazio guztia eskuratzeko.
Azken hauteskundeetan, 2016ko irailaren 25ean, 1.778.776 pertsona deitu zituzten botoa ematera. Horrek esan nahi du errolda % 0,55 handitu dela 2016koarekin alderatuta. Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian 947.393 hautesle daude, Gipuzkoan 583.063 eta Araban 258.146. Atzerrian bizi eta botoa emateko eskubidea duten pertsonei dagokienez, 75.699 izango dira oraingo honetan botoa eman dezaketenak.
Segurtasun Sailak adierazi duenez, datozen asteetan uztailaren 12an Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztuko diren hautagaien datuak biltzen joango dira.
Hauteskundeetako mugarri nagusiak
Deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, hauteskunde-kronogramaren mugarri nagusiak ezagutuko dira. Zehazki, maiatzaren 20tik 27ra bitartean, alderdi politikoek hautagai-zerrenden ordezkari nagusiak izendatuko dituzte Autonomia Erkidegoko Hauteskunde Batzordean, eta, hurrengo egunetan, barruti bakoitzeko hautagai-zerrenden ordezkariak, administratzaileak, artekariak eta ahaldunak.
Deialdia egiten den unetik kanpaina ofizialki hasi arte debekatuta egongo da hauteskunde-propaganda egitea kartelen, euskarri komertzialen eta komunikabideen bidez. Aldi berean, udalek hauteskunde-propaganda eta kanpainako ekitaldiak egiteko zer lokal eta leku publiko dauden jakinarazi beharko dute.
Maiatzaren 19tik uztailaren 2ra arte, posta bidezko botoa eskatzeko aukera egongo da. Atzerrian bizi diren eta botoa eman nahi duten pertsonek, berriz, maiatzaren 19tik ekainaren 13ra eskatu ahalko dute. Braillez bozkatzea eskatu nahi dutenentzako epea, berriz, gaur hasiko da.
Udal eta kontsuletxeetako hautesle-errolda maiatzaren 25etik aurrera aurkeztuko da, eta egun horretatik aurrera egin ahalko dira erreklamazioak. Egun horretan bertan, lurralde historikoetako hiru aldizkari ofizialetan argitaratuko dira hauteskunde-atalak, -lokalak eta -mahaiak.
Bozkatzeko mahaiak osatu beharko dituzten pertsonak izendatzeko zozketa ekainaren 13a eta 17a bitartean egingo da. Mahaiko kideei ekainaren 14tik 20ra bitartean jakinaraziko zaie izendapena, eta jarraibideei buruzko gidaliburua emango diete. Hauteskundeetara aurkezten diren hautagai-zerrenda aldarrikatuak ekainaren 16an argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Uztailaren 12an, 09:00etan ireki eta 20:00etan itxiko dituzte mahaiak, eta ordu horretan hasiko da emandako botoen zenbaketa. Lurraldeko Historikoaren Hauteskunde-Batzordeen zenbaketa, oro har, legeak ezartzen dituen hurrengo egunetan egiten da, eta kargu hautetsien aldarrikapena, beranduenez, abuztuaren 1ean egiten da.
Emaitzak abuztuaren 8a baino lehen argitaratuko dira behin betiko EHAAn, errekurtsoak aurkezteko epe guztiak amaitu ondoren. Azkenik, Legebiltzarraren osaketarekin, Legebiltzarraren hamabigarren legegintzaldia hasiko da.
Bozketa-zentroak
2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen datuen arabera, 720 lokal zeuden botoa emateko (101 Araban, 338 Bizkaian eta 281 Gipuzkoan), eta 2.593 mahai zeuden guztira. Azken hauteskundeetan, 7.779 pertsonak osatu zituzten bozkatzeko mahaiak, eta horiei 15.558 ordezko gehitu zitzaizkien.
Desgaitasunen bat duen edozein pertsonaren eskubideak baldintza berdinetan egikaritzen direla bermatuko du. Ildo horretan, Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan bezala, entzumen-urritasuna duten eta hauteskunde-mahaietako kide izendatzen dituzten pertsonek zeinu-mintzairaren interpreteak erabili ahalko dituzte.