Politika -

Gipuzkoa

Azkoitian martxan jarri nahi duten hondakin plantak kezka eragin du herrian

Gaiak eragin duen "egonezin eta haserrearen aurrean", Azkarate Garbi plataforma sortu dute herritarrek. Oposizioko alderdiak ere kezkatuta agertu dira.

Azkarate mendatean eraiki nahi dute hondakinak kudeatzeko planta. Argazkia: maxixatzen.eus
Azkarate mendatean eraiki nahi duten plantak urtean 200.000 hondakin tona inguru jasoko lituzke
Azkarate mendatean eraiki nahi dute hondakinak kudeatzeko planta. Argazkia: maxixatzen.eus

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azkoitian (Gipuzkoa) "hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko instalazioa" prestatu nahi du Larke 360 SL enpresak. Zehazki, Azkoitia eta Elgoibar lotzen dituen GI-2634 errepidearen alboan dagoen Azkarate mendatean eraiki nahi du urtean 200.000 hondakin tona inguru jasoko lituzkeen planta. Dagoeneko, 36.898 metro koadroko azalera izango duen proiektua gauzatzeko urratsak ematen ari dira, baina herritarrak oso kezkatuta daude gaiarekin eta protestak deitu dituzte egunero.

Besteak beste, adreiluak, metalak eta amiantoa duten isolamendu eta eraikuntza-materialak bilduko dituzte.

Enpresa horrek 2019ko azaroaren 6an bete zuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa hasteko eskaera, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak martxoaren 11n egin zuen txostena. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA), berriz, apirilaren 6an argitaratu zuen zabortegia eraikiko duten gunea egokitzeko baimena. Bertan, instalazioa prestatzeko jarduerak eragin ditzakeen "inpaktu adierazgarrienak" jasotzen dira, gehien bat "kutsadura atmosferikoari lotutakoak". Lan horiek "inguruko soinu-maila handitzea ekarriko dute, eta bibrazioak ere sortu ditzakete". Instalazioak "hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak sortuko ditu jardun ahala, eta horiek motaren arabera sailkatu, eta kudeatzaile baimenduei entregatuko zaizkie".

Larke 360 SL enpresaren asmoa "hondakin ez-arriskutsuak" kudeatzea dela jasotzen da EAEko aldizkari ofizialean, eta instalazioak lau langile izango dituela aipatzen da. Lana bi fasetan egingo da, baina oraindik ez dute horretarako datarik zehaztu. Lehen fasean, mendebaldeko zatia egokituko da, hala nola sarbideko errepidea, bulegoak, baskula eta komun kimikoa. Bigarrenean, behin betelan-jarduketa amaituta, mendebaldeko zatia egokituko da.

Horrez gain, instalazio horretan bilduko dituzten hondakinak zehazten dira, besteak beste, altzairuak ekoiztearen ondorioz sortutako hondakinak, plastikoak, kautxu sintetikoak eta zuntz artifizialak ekoiztean sortutako hondakinak, produktu zeramikoak, adreiluak, teilak eta eraikuntza-materialak fabrikatzean sortutako hondakinak, eta metalak, hormigoia edota amiantoa duten isolamendu eta eraikuntza-materialak.

"Udalak esaten duena eta aldizkari ofizialean argitaratu dena ez datoz bat".

Herritarrak, kezkatuta eta haserre

Gaiak eragin duen "egonezin eta haserrearen aurrean", Azkarate Garbi plataforma sortu dute herritarrek. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateari bidalitako gutun irekian salatu dutenez, "aspalditik ari ziren lur-eremuaren prestatze-lanetan, baina herritarrok ez genekien zertarako izan zitekeen apirilaren 7ko egunkariak asaldatu gintuen arte". Elkartearen iritziz, "bereziki kezkagarria da Azkoitian zabortegi bat irekitzeko plana dagoela jakitea, otsailaren 6an Zaldibarren gertatutakoak gizartean eragindako zauria oraindik itxi gabe baitago eta oraindik bi langile aurkitu gabe jarraitzen baitute".

"Argi dago erantzukizun nagusia agintean dagoen alderdiak duela, EAJk, alegia. Herriaren onerako eta herritarren gehiengoaren zerbitzura egin behar du lan udalak, eta ez gutxi batzuen edo kanpokoen interesetan, zabortegiarekin erakusten duen bezala", azpimarratu du Azkarate Garbi plataformak. Testuinguru horretan, zaborraren arazoaren konponbidea "zaborra gutxitzetik" etorriko dela azpimarratu du elkarteak, eta "amesgaizto honi" bukaera eman diezaiola eskatu dio alkateari, hau da, "egitasmo hau bertan behera uztea".

Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, Gorka Aranbarri Azkarate Garbi plataformako kideak esan duenez, Udalak esaten duena eta aldizkari ofizialean argitaratu dena ez datoz bat. "Buletinaren arabera, lur kutsatuak, metal astuna, amiantoa, beruna, zinka… baimenduko dira", esan du. Hori dela eta, gardentasuna eta hondakindegiaren inguruko informazio zehatza eskatu ditu.

Proiektuaren berri "hedabideen bitartez" izan zutela salatu du oposizioak.

"Gardentasun falta" salatu dute oposizioko alderdiek

Oposizioko alderdiak ere kezkatuta agertu dira. Ildo horretatik, "Udal gobernuak erakutsitako gardentasun falta" salatu du EH Bilduk, eta Azkoitiko instalazio berrian "biltegi bat egitea eta bertan lur kutsatuak gordetzea" aurreikusten dela ziurtatu du. "Ez dezatela hitzekin jendea nahastu, Azkoitian egin nahi dena zabortegi bat da, zabortegi pribatu bat".

Azkoitia Bai herri plataformak ere lehen berria hedabideen bitartez jaso izana salatu du. "Herriak parte hartzea gustatuko litzaiguke, politikeriak alde batera utzi eta benetan horrelako gai batek merezi duen eztabaida sanoa bideratzea. Planta hori sortzeko asmoa dutenak herriaren iritzia benetan axola zaiela behin eta berriz errepikatu digute, beraiek ere hemen bizi baitira", gaineratu du.

Azkoitiko PSE-EE ere kexu agertu da proiektua "prentsaren bitartez" ezagutu duelako. "Alkateak informazioa eman behar zigun, lehentasunezko bazkideak baikara udalean. Halere, uste dugu gainerako alderdi politiko guztiek ere izan behar zutela gaiari buruzko informazioa", gaineratu du.

Alkatea: "Ez da zabortegia izango, ezta hondakin arriskutsuak tratatuko dituen instalazioa ere".

Udalak esan du ez dela zabortegi bat

Testuinguru horretan, Javier Zubizarreta alkateak argi utzi du hondakinak kudeatzeko instalazio berria ez dela zabortegi bat izango. "Eraikuntzan eta obretan sortutako hondakin ez-arriskutsuak klasifikatu, eraldatu eta berrerabiltzeko egokituko dituen planta batez ari gara hitz egiten. Helburua da birziklatzea eta berrerabiltzea. Ez da zabortegia izango, ezta hondakin arriskutsuak tratatuko dituen instalazioa ere".

Udalak nabarmendu duenez, aurreikusitako aktibitateak barne hartuko lituzke bilketa eta garraioa, hondakin ez-arriskutsuen karakterizazioa, biltegiratzea eta sailkapena. Ondoren balorizazio edo birziklapen prozesua burutuko da, transformatutako material hori berriro obretan erabili ahal izateko. Zementua, karea, igeltsua, adreilua, hormigoia, metalak, egurra, beira edo plastikoa birziklatuko lirateke.

"Sortu den egonezina ikusita, alderdi guztien iritzia jakin nahi dut gai honen inguruan, guztion adostasuna balio garrantzitsua dela ulertuz”, esan du alkateak.  Bitartean, lapikoak egunero jotzeko deia egin dute herritarrek, protesta gisa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa Elgoibar Euskal Autonomia Erkidegoa Salaketak berriak Gizartea Eguneko albisteak Azkoitia Albisteak Manifestazioak gaur Ingurumena albisteak