Politika -

Memoria historikoa

Inpunitatearekin amaitzeko borondate politikoa eskatu du Martxoak 3 elkarteak

"Kriminal frankistak" epaitu ahal izateko borondate politikoa eskatu dio elkarteak "aurrerakoia dela esaten duen Espainiako Gobernuari".

Martxoak 3 elkarteko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur. Argazkia: Martxoak 3
Zigorgabetasunarekin amaitzeko borondate politikoa eskatu du Martxoak 3 elkarteak
Martxoak 3 elkarteko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur. Argazkia: Martxoak 3

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Servini epaile argentinarrari 1976ko martxoaren 3an Gasteizen izandako langile "sarraskiagatik" auzipetuta dagoen Rodolfo Martin Villa ministro ohiari Espainian deklarazioa hartzen utzi eta "inpunitatearekin amaitzeko borondate politikoa" eskatu dio Martxoak 3 elkarteak Espainiako Gobernuari.

Elkarte horretako ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur, ostirala, San Frantzisko elizan egindako batzar batean parte hartzen ari ziren bost langileren heriotzaren 44. urteurrenaren harira antolatu dituzten ekitaldien berri eman eta Servinik Argentinako epaitegi batean frankismoaren krimenen aurka irekitako prozesu judizialaren nondik norakoak azaltzeko.

Andoni Txasko Martxoak 3 elkarteko bozeramaileak azaldu duenez, martxoaren 20an Martin Villa deklaratzera deitu du epaile horrek Argentinak Madrilen duen enbaxadan, baina Espainiako Kanpo Ministerioak trabak jartzen ari dizkio galdeketa horri.

Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordeak telebistan egindako elkarrizketa batean ziurtatu duenez, ordea, "Exekutiboak ez du oztoporik jarri ez lehen ez orain Servinik ministro ohiari deklarazioa hartzeko". Ildo horretatik, Martin Villa hitzordu horretara joateko prest dagoela gaineratu du.

Testuinguru horretan, "aurrerakoia dela esaten duen Gobernuari zigorgabetasunarekin amaitu eta gaizkile frankistak epaitzeko borondate politikoa" eskatu dio Martxoak 3 elkarteko bozeramaileak. Horretarako, Martin Villaren galdeketa baimentzeko eskatu dio, "teknizismoetan eta burokrazietan ezkutatu gabe".

Calvoren hitz horiei dagokienez, Espainiako Gobernuaren jokabidea eta presidenteordearen adierazpenak ez datozela bat ziurtatu du Txaskok, eta Serviniren eskakizunari oraindik ez diotela erantzun ofizialik eman salatu du.

Horrez gain, Zaramaga auzoko San Frantzisko eliza gertatutakoaren oroimenerako gune bihurtzeko asmoan ere ez dela aurrerapausorik eman deitoratu du elkarteak.

44. urteurrenari begira, martxoaren 3rako antolatutako ekitaldiekin bat egiteko deia egin die elkarteak herritarrei. Besteak beste, 19:00etn hildako langileen omenezko monolitotik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko eskatu diete gasteiztarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Espainiako Gobernua Espainia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Martxoak 3 Memoria Historikoa Zaramaga gaur Polizia indarkeriari buruzko albisteak