Politika -
Eusko Legebiltzarra
Memoria historikoaren herri-ekimena 'boikotatzea' egotzi dio Podemosek Jaurlaritzari
Frankismoko krimenen aurkako plataformak legegintzako herri-ekimena aurkeztu zuen joan den astean. 'Bi egun geroago' gaia lantzen ari zela iragarri zuen Jaurlaritzak, koalizioak salatu duenez.
agentziak | Erredakzioa
Elkarrekin Podemosen iritzian, "guztiz onartezina" da memoria historikoaren auzian Eusko Jaurlaritzak izan duen jarrera. Jon Hernandez koalizioko bozeramailearen ondokoak azaldu duenez, Euskadin Memoria Historikoaren Legea izan zedin "urte guzti hauetan oposizioak aurkeztutako ekimenen aurrean ezikusiarena" egin du Jaurlaritzak, baina gai horren inguruko legegintzako herri-ekimena aurkeztu denean, lege zirriborro bat duela iragarri du.
Frankismoko krimenen aurkako plataformak memoria historikoari buruzko legegintzako herri-ekimena aurkeztu zuen Legebiltzarrean duela astebete. Orain Legebiltzarreko Mahaiak tramitera onartu behar du, eta izapidea beteta, 10.000 sinadurak biltzeko prozedura abiaraziko luke EAEko Hauteskunde Batzordeak.
Hernandezek salatu duenez, Eusko Jaurlaritza, eta bereziki EAJ, memoria historikoaren euskal legea garatzearen aurka azaldu dira legegintzaldi guztian, uste baitzuten Gogora Institutua arautzen duen legea gaurkotuta nahikoa zela.
Hori horrela, koalizio moreak "harriduraz" hartu du Eusko Jaurlaritzak egindako iragarpena. Urkulluk buru duen exekutiboak EFE albistea agentziari azaldu diotenez, urte hasieran ekin zioten gaia aztertzeari, eta lege proposamena uda osterako egon daiteke prest.
Hernandezek uste du zirriborro horrekin herri-ekimenari "boikota egin" nahi dio Jaurlaritzak. "Bazekiten euren babesik gabe onartu behar zela, EH Bilduk, PSE-EEk eta guk geuk alde bozkatuko genuela iragarri baikenuen", azaldu du.
"Gaia delikatua da, eta euren irudia zuritzeko egin dute iragarpena", adierazi du Elkarrekin Podemoseko kideak. Horren esanetan, "EAJk harrokeriaz jokatu du, eta hanka sartu du bere programan eta legegintzaldi egutegian ez duelako memoriarekin lotutako ekimenik sartu".