Mundua -
KORONABIRUSA
Europa blindatu egin da Gabonen aurrean
Europako herrialdeek murrizketa gehiago ezarri dituzte Gabonetako ospakizun eta topaketen ostean hirugarren olatu bat ez izateko.
AGENTZIAK
Europako herrialdeak Gabonetan jarriko dituzten murrizketak iragartzen hasi dira, jaien ostean beste olatu bat ez izateko abiatuko dituztenak. Herrialde batzuek egungo neurriak leuntzea erabaki dute, Gabonak egoera honetan ahalik eta modu "eramangarrienean" igaro ahal izateko; beste batzuek, berriz, neurriak gogortu dituzte, etorkizunean kasuen kopuruak gora egin ez dezan.
EAEri dagokionez, lehendakariak atzo iragarri zituen Gabonetarako neurri berriak; besteak beste, mugikortasun murrizketak bertan behera uztea eta egun seinalatuetan bilkurak gehienez 10 pertsonakoak izatea.
Belgika
Etxe bakoitzeko gertuko kontaktu bat gonbidatu ahal izango dute jaietan, eta pertsona bera izango da beti. Salbuespen bat egongo da bakarrik bizi direnentzat, bi gonbidatu izan ahalko baitituzte. Kalean, berriz, gehienez ere lau pertsona bilduko dira.
Etxeratze agindua indarrean dago, eta, oraingoz, herrialdeak ez du salbuespenik aurreikusten Gabonetarako.
Taberna, jatetxe eta harremana eskatzen duten negozioek (ile-apaindegiak eta estetika zentroak, esaterako) itxita jarraituko dute. Eski pistak ere itxiko dituzte. Abenduaren 1ean berriz ireki zituzten eta funtsezkoak ez diren saltokiek irekita jarraituko dute, pertsona eta erosketa bakoitzeko 30 minutuko mugarekin (ezingo da lagunduta joan).
Gobernuak su artifizialen erabilera debekatu du.
Nahi bezala bidaiatu ahal izango da, baina Gobernuak gune gorrietara ez bidaiatzeko aholkua eman du. Gainera, gune horietatik itzultzen diren bidaiarien gaineko kontrolak indartuko ditu, eskatutako berrogeialdia betetzen dutela ziurtatzeko.
Italia
Italiako Gobernuak ez du bileretarako kopuru finkorik zehaztu, baina norbanakoaren erantzukizuna eskatu eta elkarrekin bizi ez diren pertsonak ez hartzea gomendatu du.
Herrialdeak 22:00etan hasi eta abenduan 05:00etan amaitzen den etxeratze agindua mantenduko du, salbuespenik gabe. Urtezahar gauean etxeratze-agindua bi orduz luzatuko da, 07:00ak arte.
Eskualde horietan (arrisku gutxien dutenetan), tabernak eta jatetxeak zabalik egongo dira bazkalordutik 18:00ak arte, orain arte bezala, eta gero janaria etxera eramateko aukera emango dute. Gune laranja eta gorrietan, eramateko janaria eskaintzeko aukera izango da 22:00ak arte.
Abenduaren 21etik urtarrilaren 6ra, dendak 21:00ak arte ireki ahalko dira. Merkataritza-guneetan jaiegunetan eta jai bezperetan, farmaziak, elikagai-dendak, estankoak eta kioskoak bakarrik zabaldu ahalko dira. Zinema, antzokiak, gimnasioak eta eski pistak itxita egongo dira.
Egun horretan, eskualdeen arteko mugimenduak debekatuta egongo dira, lan-arrazoiak tarteko edo larrialdi kasuan izan ezik, edo etxera itzultzeko ez bada. Abenduaren 25, 26 eta 31n eta urtarrilaren 1ean, mugitzeko murrizketak zorrotzagoak izango dira, eta ezingo da udalerritik atera. Bestalde, aldi horretan herrialdetik kanpo bidaiatzen duten pertsonek berrogeialdia bete beharko dute itzultzen direnean, egun horietan Italiara bidaiatzen duten turistek bezala.
Alemania
Oraingoz, Gobernuak indarrean dauden neurriak urtarrilaren 10era arte luzatu ditu, baina batzuk leundu egin ditu Gabonetako jaietarako. Hala ere, murrizketak gogortzea ez du baztertzen, asteko kutsatzeen intzidentziak gora egin duelako eta hildakoen kopurua oso altua delako.
Gehienez ere 5 pertsona bil daitezke bilera bakoitzean (bi etxetakoak), baina abenduaren 23tik urtarrilaren 1era arte 10 pertsona bildu ahalko dira, 14 urtetik beherakoak kontuan hartu gabe.
Tabernak, zinemak, antzokiak, museoak, spak, gimnasioak eta Gabonetako azoka gehienak itxita egongo dira. Jatetxeak janaria etxeetara eramateko edo eramateko janaria eskaintzeko ireki ahalko dira. Saltokietan, edukiera mugatuko da, 10 metro koadro bezero bakoitzeko (20 metro, saltoki handietan).
Turismoa debekatuta dago, behar-beharrezkoak ez diren bidaia guztiak saihestu behar dira. Arrisku-gune batetik herrialdera sartzen diren pertsonek 10 eguneko berrogeialdia bete behar dute.
Frantzia
Frantziak urriaren 30ean ezarritako konfinamendua altxatu eta deseskalatze fasea hasiko du hilaren 15ean.
Gobernuak gehienez ere sei pertsonako taldeak gomendatzen ditu ospakizunetarako, haurrak zenbatu gabe.
Etxeratze agindua 21:00etan hasi eta 07:00etan amaituko da. Abenduaren 24an eta 31n ez da etxeratze-agindurik izango, baina bide publikoan ezin izango da bilerarik egin.
Tabernak, jatetxeak eta gimnasioak itxita egongo dira, gutxienez, urtarrilaren 20ra arte. Saltokiak 21:00ak arte egongo dira zabalik eta edukiera mugatua izango dute. Kutsatze kopuruak behera egiten jarraitzen badu, zinema, antzoki eta museoak irekiko dituzte.
Abenduaren 15etik aurrera, bidaiatzeko aukera egongo da, baita eskualdeen artean ere, jaiak familiarekin pasatzeko.
Erresuma Batua
Erresuma Batuan murrizketak leunduko dituzte abenduaren 23tik 27ra (Ipar Irlandan, abenduaren 22tik 28ra) Gabonetan familia bilerak baimentzeko.
Ingalaterran, Eskozian, Galesen eta Ipar Irlandan hiru etxetako pertsonek burbuila bat osatu ahalko dute. Egun horietan ez da mugarik egongo burbuila hori osatzen duten pertsonen kopuruan, Eskozian izan ezik, gehienez ere zortzi pertsona bildu ahalko baitira bertan (12 urtetik beherakoak zenbatu gabe). Bilera horiek etxe pribatuetan, erlijio-zentroetan edo kanpoko espazio publikoetan egin ahalko dira.
Aipatutako egun horien artean, osasun egoera ezberdinean dauden lurraldeen artean bidaiatu ahalko da, "Gabonetako burbuilako" pertsonekin biltzeko edo etxera itzultzeko bada. Nazioarteko bidaiei buruzko arauek indarrean jarraituko dute: herrialdean sartzen diren pertsonek berrogeialdia bete beharko dute.
Austria
Abenduaren 7tik urtarrilaren 6ra, bilerak bi etxetako sei pertsonetara mugatuko dira. Murrizketa hori leundu egingo da abenduaren 24tik 26ra eta urtarrilaren 31tik 1era, hainbat etxetako 10 pertsona arteko bilerak baimenduko direlako.
Etxeratzeko agindua 20:00etatik 06:00etara izango da indarrean, eta jaiegunetan ez da halakorik egongo.
Tabernak eta jatetxeak itxita egongo dira, etxera eramateko janaria saltzen dutenak eta etxera eramaten dutenak izan ezik. Zinema, antzoki, gimnasio, hotel eta ostatuak itxita egongo dira.