Gizartea -
EHU
Identitatea ordezkatu diotela salatu du sareetan zabaldutako mezuengatik ikertutako EHUko irakasleak
Arabako Campusean diharduen irakasleak salaketa aurkeztu du Ertzaintzaren aurrean, eta identitatea ordezkatu diotela eta sare sozialetako kontuak lapurtu dizkiotela adierazi du.
EITB Media
Sare sozialetan zabaldutako mezuengatik ikertutako EHUko Farmazia fakultateko irakasleak identitatea ordezkatu diotela salatu du, eta, hortaz, ez omen da mezu horien egilea. Are gehiago, pasa den ostiralean Ertzaintzara jo zuen identitatea ordezkatu diotela eta sare sozialetako kontuak lapurtu dizkiotela salatzeko.
EHUk gaur ohar bidez jakinarazi duenez, pasa den ostiralean Errektoretza Taldeak barne prozedura bat abiarazi zuen Ikasle Kontseiluak eta Ikamak egindako kexa formalari "berehalako erantzuna" emateko. Zehazki, Arabako Campuseko irakasle batek mezu faxista, arrazista, transfobo eta frankistak argitaratu zituela salatu zuten.
"Unibertsitateko komunitate osoaren interesak defendatzeko, lehen urratsa bitartekaritza lana abian jartzea eta kasua ikertzen hastea izan zen", gehitu du EHUk.
Euskal Herriko Unibertsitatearen arabera, iIrakasleak, "hasiera-hasieratik", adierazi du ez dela mezu horien egilea eta gertatutakoa "eraso zibernetikotzat" jo du.
Ikertutako irakasleak EHUko Errektoretza Taldeari eta Farmazia Fakultateko Dekano Taldeari jakinarazi dionez, iragan ostiralean aurkeztu zuen salaketa Ertzaintzaren aurrean.
Halaber, nabarmendu du izena erabilita idatzi diren iruzkinen aurka dagoela eta barkamena eskatu du sortutako "ondoezagatik".
Era berean, honakoa adierazi du: "Jakinarazi nahi dizuet eraso honek ez duela inolako loturarik gure erakundean sustatzen ditugun balioekin, ezta egiten ditugun jarduera akademikoekin ere. Erasoa nire kontrolpetik guztiz kanpokoa izan da, eta biziki sentitzen dut horrelako gertaerek, nire borondatetik kanpo daudenek, zuen artean eragozpenak eta nahasmena sortu izana".