Gizartea -
Gaza, erasopean
Sindikatuek eta hainbat gizarte eragilek bat egin dute gaur Gernika-Palestinak deitutako mobilizazioarekin
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Bilbon egin dute eguerdian elkarretaratze nagusia, eta euskal erakundeei eta enpresei eskatu diete eten ditzatela Israelekin dituzten harreman komertzialak berehala. Arratsaldean Euskal Herriko 178 herrietan egingo dira protestak.
eitb media
Gaurko deitu zuen Gernika-Palestina herri-ekimenak Palestinaren alde eta genozidioaren aurkako protesta handia, eta protestak goizean goizetik hasi dira Euskal Herriko hiriburuetab. Mobilizazio honek helburu garbi bat du: kaleak jendez betetzea, Euskal Herritik elkartasuna berriz ere Gazaraino iritsi dadin.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Hego Euskal Herriko hiriburuetako udaletxe aurrean elkarretaratzeak egin dituzte, eta euskal erakundeei eta enpresei deia luzatu diete: eten ditzatela berehala Israelekin dituzten harreman komertzialak. Hala, "hitzetik ekintzetara pasatzeko" unea dela azpimarratu dute.
Bilbon egindako ekitaldian, Leire Txakartegi ELAko buruzagiak gogorarazi du urtebete bete dela Israelek Gazaren aurkako operazio militarra hasi zuenetik, eta dagoeneko 42.000 pertsona baino gehiago hil direla eta "gerra beste herrialde batzuetara zabaldu dela", Libanora eta Yemenera, esaterako.
Hala, Txakartegik zonaldean su-etena eta gatazka horri "irtenbide integrala" ematea eskatu du, "Palestinako herriaren eskubide nazionalak erdigunean jarriz".
Igor Arrojo LABeko koordinatzaile nagusiak nabarmendu duenez, euskal sindikatuek eta langileek "aho batez" hartu dute parte Palestinaren alde, eta "euskal erakundeak eta patronala non dauden" galdetu du. LABeko buruzagiak Israelekin dituzten harreman komertzialak "hausteko" eskatu die enpresei, "ezin delako negozioa egiten jarraitu genozidioa gertatzen den bitartean".
Sindikatuek ez ezik, hezkuntzako eragileak ere batu dira ekimenera, eta eguerdian hainbat elkarretaratze burutu dituzte ikastetxe eta unibertsitate aurrealdean.
Nolanahi ere, bilkura gehientsuenak arratsaldeko 19:00etan izango dira, 178 herrietako plazatan, eta, besteak beste erasoak gelditzeko deia luzatuko dute.
Une berezian datoz gaurko protestok; izan ere, urtebete da Donostian milaka lagun elkartu zirela Gazako sarraskiaren aurka. Lehen protesta handia izan zen hura, eta, ondoren, beste hainbat etorri dira. Egoerak, ordea, bere horretan dirau, edo are gogorragoa da egoera gaur gaurkoz, erasoak Ekialde Hurbil osora zabaldu baitira.
Azken asteburu hau, adibidez, oso odoltsua izan da Libanon, eta 150 gazatarretik gora hil ditu Israelek bonbardaketatan: 84 larunbatean eta 70 igande goizaldean. Azken orduetan Israelgo armadak Libanoko Beirut hiriburua bonbardatu du, oraingoan, Hezbollah finantzatzea leporatzen dion finantza erakundeen aurka.
Eraso horretan hamabost eraikin suntsitu dituzte, etxebizitzaz inguratutako auzo batean. Testuinguru honetan abiatuko da Ekialde Hurbilera Anthony Blinken, Estatu Batuetako estatu idazkaria. Su etena lortzeko aurrerapausuak eman nahi ditu, baina ez dago horretarako esperantza handirik.