Gizartea -
OSAKIDETZA
Udako ordutegia murriztuko dute Lehen Mailako Arretako zentroen % 21ean, zenbaitetan aste honetatik bertatik
ELA eta CCOO sindikatuek salatu dutenez, langileen "lan-karga gehitzen" eta herritarrei "zerbitzua murrizten" jarraitzen da, "Lehen Mailako Arretaren gabeziei aurre egiteko" planik gabe.
EITB MEDIA
Azken urteetan bezala, Osakidetzak Lehen Mailako Arretako zentroen ordutegiak egokitu egingo ditu udari begira, eta aurten, gainera, kasu batzuetan aste honetan bertan sartuko dira indarrean. 339 anbulatorioetatik heren bati eragingo dio: 72tan ordutegiak murriztuko dituzte, eta 44tan itxiera puntualak egingo dituzte. "Eguraldi ona nagusi den garaietan eta arnas aparatuko gaixotasunen presentzia murrizten denean, asistentzia-eskaera txikiagoa da", argudiatu du Osakidetzak.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako oharraren arabera, Euskadiko Lehen Mailako Arretako 339 osasun-zentroetatik 155ek lanaldiak eta ordutegiak mantenduko dituzte, eta 72 zentrok itxiera-ordutegia aurreratuko dute, kasu gehienetan 20:00etatik 17:00etara. Horrez gain, "44 kontsultategik udako hilabeteetako egun batzuk itxiko dituzte eta 10 kontsultategi uda osoan zehar itxiko dira; horiek guztiak, normalean, astean ordubete baino ematen ez duten zentroak dira". 58 zentrotan oraindik ez da behin betiko itxi lanaldien eta ordutegien plangintza.
"Kalitatezko osasun-laguntza profesionalen atsedenarekin eta negua gainditu ondorengo zerbitzu-eskaera txikiagoarekin bateragarri egiteko" egin dituztela egokitzapenok erantsi dute osasun arduradunek. Gaur helarazi diete plangintza Mahai Sektorialeko ordezkariei.
Sindikatuek murrizketak salatu dituzte
ELA eta CCOO sindikatuek, bere aldetik, "murrizketak" salatu dituzte, "osasun-zentroek ekipamendu osoarekin irekitzea bermatu gabe".
ELAk salatu duenez, uda honetan "murrizketak gero eta handiagoak dira, denbora-tarte zabalagoa hartzen dute eta osasun zentro eta etengabeko arretako gune gehiagori eragiten die".
"Aurreikuspenen arabera, etengabeko arretako guneetan 1.000 txanda inguru daude bete gabe", adierazi du sindikatuak, eta kanpainan zehar Osakidetzarentzat eta Lehen Mailako Arretarentzat irtenbideak proposatzen zituzten diskurtsoak entzun izana kritikatu du.
ELAren arabera, langileen "lan-karga gehitzen" eta herritarrei "zerbitzua murrizten" jarraitzen da, "Lehen Mailako Arretaren gabeziei aurre egiteko" planik gabe.
CCOOk ere salatu duenez, planteatzen den beste neurrietako bat "autokontzertazioa da, hau da, profesionalek, batez ere medikuek, aparteko orduak egitea falta diren langileak ordezkatzeko".