Gizartea -

Parke naturalen eguna

Parke naturalak: naturaren kontserbazioa eta jarduera tradizionalak uztartzen dituzten harribitxiak

Euskal Herrian 12 parke natural ditugu eta haietan babestutako hainbat animaliak eta landarek dute bizitokia. Hauen habitataren zainketak, artzaintzaren eta abeltzaintzaren beharrekin uztartzen dira leku hauetan.

Euskal Herriko parke naturalak. Argazkia: EITB Media.
Euskal Herriko parke naturalak. Argazkia: EITB Media.
Euskal Herriko parke naturalak. Argazkia: EITB Media.

A. Aramendi Elduaien | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1909an izendatu ziren Europako lehen natur parkeak. Suedian gertatu zen urte hartako maiatzaren 24an. Hori dela eta, Europarc federazioaren bultzadarekin, Natur-parkeen Europako Eguna ospatzen da urtero egun honetan.

Parke naturalak paisaia ederreko gune naturalak izaten dira, gizakiaren jarduerak mendeetan zehar moldatu dituenak baina ez nabarmenki. Inguruaren adierazle diren ekosistemak izaten dituzte eta bertako flora, fauna eta formazio-geomorfikoak bereziak izaten dira. Askotan arriskuan dauden animalia eta landare espezieak aurkituko ditugu bertan. Horrez gainera, mendeetan tradizio bihurtu diren jarduera sozioekonomikoak, artzaintza kasu, izaten dira bertan.

Arrazoi horiengatik tokiko erakundeek legez babesten dituzte gune hauek. Euskal Herrian ezaugarri horiek dituzten 12 gune babestu daude: Aiako-Harria, Aizkorri-Aratz, Aralar, Armañon, Bardeak, Bertiz, Gorbeia, Izki, Pagoeta, Urbasa-Andia, Urkiola eta Valderejo.

Eusko Jaurlaritzak edota Nafarroako Gobernuak egiten du parke naturalen izendapena eta plan orokorra. Ondoren, EAEren kasuan, kudeaketa Foru Aldundien esku gelditzen da. Parke natural bakoitzak, hala ere, bere patronatua izaten du eta bertan aldundiez gain, udalek eta bestelako hainbat elkartek ere parte hartzen dute.

Euskal Herriko parke handiena Errege Bardeetako natur-parkea da, 41.845 hektareatako hedadura dauka. Txikiena, berriz, Gipuzkoan dago: Aia, Zarautz eta Zestoako lurrak hartzen dituen Pagoetako parkea da eta 1.335 hektarea ditu.

Izendapena jaso zuen lehenegoa, berriz, Bertizeko natur-parkea izan zen. 1984an izan zen hori, lursail horren aurreko jabeak bere testamentuan halaxe utzi zuelako idatzita. Babes mota hau jaso zuen azkena Armañon izan zen; 2006ko irailean eman baitzuen pausu hori Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez.

Parke naturaletan ez da soilik naturaren eta bertako fauna eta floraren kontserbazioa egiten. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaria den Koldobike Olabideren hitzetan, gune hauen helburua naturaren kontserbazioa bertako jarduera sozioekonomikoekin uztartzea izaten da. Hori dela eta, tradizioz inguru hauetan egin den artzaintza, abeltzaintza edota basogintza zaintzeko eta bultzatzeko erabakiak hartzen dituzte.

''Naturaren kontserbazioa eta jarduera sozioekonomokoak uztartzen ditugu parke naturaletan''
''Naturaren kontserbazioa eta jarduera sozioekonomokoak uztartzen ditugu parke naturaletan''
''Naturaren kontserbazioa eta jarduera sozioekonomokoak uztartzen ditugu parke naturaletan''

2:10

Horrekin batera, turismo jasangarria eta aisialdiko ekimenak, mendi-lasterketak esate baterako, ere zaindu eta bultzatzen dira. Hain zuzen ere, asteburu honetan egingo den Zegama-Aizkorri mendi-lasterketaren ibilbidea Aizkorri-Aratz parke naturalean barrena izango da.

Bestetik, Olabideren hitzetan parkeek aukera ematen dute mehatxatuta dauden espezieak hobeto ezagutzeko, hauek babesteko neurriak hartzeko eta populazioen hazkundean lan egiteko.

Esate baterako, Gipuzkoaren kasuan, alde batetik, ugatzak monitorizatu eta haien habitata hobeto ezagutzeko proiektu bat martxan dute Aizkorri-Aratzen eta Aralarren. Bestetik, Aiako Harria parkean izokinaren populazioa hazteko lanean ari dira aspalditik: neguan izokinaren arraultzak eskuz ernaltzen dituzte eta uda hasieran izokin txiki horiek askatzen dituzte.

Halaber, Bizkaia eta Arabaren artean dagoen Gorbeiako parkean oreinaren marrualdia bereziki zaintzen duten garaia da eta bisitarien sarrera mugatu ohi da gune batzuetan.

Euskal Herriko parkeetan bizi diren animalietako batzuk. Argazkia: EITB Media.

Euskal Herriko parke natural guztietan parketxe bat edo gehiago ditugu. Bertaratzen diren bisitariei harrera egiteaz gainera, parke horretako ondare naturala, tradizionala, historikoa eta kulturala zabaltzeaz arduratzen dira. Besteak beste, ofizio tradizionalak erakusteko tailerrak ematen dituzte, edota monumentu megalitikoetara bisitak, erakusketak eta azokak antolatzen dituzte.

Euskal Herrian, natur parkeez gain, bestelako izendapen bat daukaten gune natural ugari ditugu: erreserba naturalak, biosferaren erreserbak, biotopoak, geoparkeak, monumentu naturalak… Izendapenak erakunde ezberdinek egiten dituzte autonomietako gobernuek, Estatuko gobernuak, Europakoak, UNESCOk…  Babes mailak eta bakoitzean hartu beharreko neurriak ezberdinak izan ohi dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gipuzkoako albisteak Nafarroa gaur Araba Euskal mendiak bideoak Gizartea Gaurko titularrak Eguneko albisteak Ekologia azken ordukoa Animaliak Aralar mendilerroa albisteak Urkiolako parke naturaleko mendiak Erreskateak Gorbeia mendian Aizkorri mendia