Gizartea -
EGURALDIA
Nafarroako erdialdea eta Pirinioak abisupean daude oraindik, elurra dela eta
EAEko barnealdean 09:00ak arte egon da indarrean elurragatik ezarritako abisu horia, eta 600 metrotik gora zuritu du. Ipar Euskal Herrian elur jausiengatik eta prezipitazioengatik daude ezarrita abisuak.
EITB MEDIA
Elurra 1.000 metrotik behera, martxoa amaieran. Udaberrian egonagatik, zurituta azaldu dira gaur Euskal Herriko mendi bazterrak. Izan ere, elurragatik abisuak egon dira indarrean EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian. Are gehiago, azken bi horietan aktibo daude oraindik. Hala, Nafarroa erdialdea eta Pirinioak eguerdira arte (12:00ak eta 13:00ak arte, hurrenez hurren) abisupean izango dira elurteengatik.
AEMETen iragarpenaren arabera, bi zentimetroko lodierak izango dira Aralar, Urbasa eta Andiako mendilerroetan, 700 metrotik gora. Pirinioetan potoloagoa izango da geruza, 15 zentimetrokoa, baina 1.000 metrotik gora.
Ipar Euskal Herrian, bestalde, elur jausi arriskuagatik dago indarrean abisu horia. Gainera, prezipitazioengatik beste abisu bat jarri du Meteofrancek Pirinio Atlantikoen Departamentuan.
EAEn, barnealdean elurragatik ezarritako abisu horia 09:00etan geratu da bertan behera. Gauerditik izan da indarrean, elur-kota 600 edo 800 metrora jaistea espero baitzen.
Goizaldean prezipitazio txiki-ertaina egin du, eta, ondorioz, elurra bota du Gipuzkoako ekialdean eta Araban, 600 metrotik gora. Aurreikusitako elur-lodierak 5 eta 15 zentimetro artekoak izan dira 1.000 metroan, eta 0 eta 5 eta 600 metro artekoak.
Hala ere, kota igo egingo da goizean, eta 1.000 metro inguruan kokatuko da egunaren bigarren partean. Tarteka zaparradak botako ditu, han-hemenka, eta trumoitsuak eta txingorra ere egin dezake.
Euskalmetek iragarri duenez, gaur tenperaturak behera egingo du, eta maximoak 13 gradu ingurukoak izango dira Bilbon, 12koak Donostian eta 10ekoak Gasteizen. Minimoak gradu batera jaitsiko dira Arabako hiriburuan, eta 5era Gipuzkoakoan eta Bizkaikoan.
Asteazkenean hego-mendebaldeko haizeak gogor joko du, eta tenperaturak gora egingo du, 14-17 graduren bueltan ibiliko baitira.
Zerua hodeitsu egongo da, soilguneren batekin eta hegoaldean euri txikia egin dezake. Azken orduetan haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egin dezake eta euria egin dezake Bizkaiko zenbait tokitan.
Kontsulta ezazu eguraldiaren iragarpena, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.