Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Indiako Poliziak turista espainiar baten bortxaketan nahastutako guztiak identifikatu eta lau atxilotu ditu

Bikotea Dumkako tokiko agintarien babespean dago, erasoa gertatu zen lekuan. Igande honetan deklaratu dute epailearen aurrean. Lehen urratsa da auzitegiak atxiloketak berresteko eta kargu kriminalak formalizatzeko.

Babes ofiziala dute biktimek Dumkan. Agentzietako bideo batetik hartutako irudia.
Babes ofiziala dute biktimek Dumkan. Agentzietako bideo batetik hartutako irudia.
Babes ofiziala dute biktimek Dumkan. Agentzietako bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Indiako Poliziak jakitera eman duenez, senarrarekin bidaiatzen ari zela talde bortxaketa eta jipoia jasan zuen turista espainiarraren erasoan inplikatutako guztiak identifikatu dituzte jada. Oraingoz, lau pertsona baino ez dituzte atxilotu, eta gainerakoen bila ari da talde berezi bat, Ajay Kumar Singh Indiako Poliziaren zuzendari nagusiak azaldu duenez.

Pitamber Kherwar erasoa gertatu zen Dumka eskualdeko Poliziako superintendentearen hitzetan, "galdeketan akusatuek aitortu egin zuten erasoan parte hartu izana (...), eta libre daudenak laster atxilotuko dituzte".

Indiako komunikabideetan oihartzun handia izan du erasoak, biktimak atzerritarrak direlako, neurri handi batean. "Oso kasu seriotzat" hartu du Poliziak, eta bi ikerketa-talde berezi eratu ditu ikerketa bideratzeko.

Arreta medikoa jaso ondoren, Dumkako tokiko gobernuaren egoitza ofizial batean dago ostatu hartuta bikotea atzotik, euren segurtasuna bermatzeko.

Gaur deklaratu dute epaile aurrean, kasuaren gertuko iturriek jakitera eman dutenez. Biktimen deklarazioa hartzea lehen urratsa da auzitegiak atxiloketak berresteko eta kargu kriminalak formalizatzeko.

Legeak zigor gogorrak ezartzen ditu bortxaketetarako, eta kasu gehienetan ez da fidantzapeko askatasunik onartzen. Indiako Zigor Kodearen arabera, bortxatzaile batek gutxienez 10 urteko kartzela-zigorra jaso lezake, eta taldean egindako bortxaketa batek biziarteko kartzela-zigorra ekar lezake.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Indarkeria matxista Espainia Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak India Matxismoa Sexu erasoak Asia