Gizartea -

Berdintasuna

Jaurlaritzak eta Emakundek etxeko lanetan eta zaintzan genero-arrakala erdira murriztu nahi dute 2030erako

Era berean, 'Berdintasun Estrategia' berriak 6.000 euro inguruko soldata-arrakala bost puntu murriztu nahi du.

Artxiboko irudia: EITB
Artxiboko irudia: EITB
Artxiboko irudia: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak eta Emakundek etxeko lanetan eta zaintzan dagoen genero-arrakala gutxienez erdira murriztea (emakumeek egiten dituzten lanak kasuen % 67an) eta soldata-arrakala (azterlan batzuen arabera, urtean 6.000 euro inguru) bost puntu murriztea jarri dute helburutzat 2030erako.

Bi xede horiek Emakunderen Zuzendaritza Kontseiluak astelehen honetan onartutako "2030erako Berdintasun Estrategian" jasotzen dira. Iñigo Urkullu lehendakaria izan da batzar horren buru, eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak ere parte hartu dute.

Estrategia horrek hamaika helburu nagusi ditu, Emakunderen webgunean argitaratutako programa honen agirian jasotzen denez.

Programaren lehen xedea da Euskadiko Genero Berdintasunaren Indizea handitzea — 73 puntu inguru —, 75 puntutik gora lortzeraino.

Bestalde, helburua da erakunde publiko guztiek "beren xedeak betetzeko behar beste langile eta aurrekontu-sail" izatea berdintasun-zerbitzuetan eta -unitateetan.

Era berean, Euskadiko enplegu-tasari dagokionez, genero-arrakala gutxienez erdira murrizteko beharra azpimarratzen du estrategiak. Adierazle hori, gaur egun, % 9,3 ingurukoa da.

Hezkuntzaren esparruan, sistemako ikastetxe guztiek hezkidetza-plan propioa izatea lortu nahi da, berdintasunaren arloko beharrei erantzun "eraginkorra" emateko.

Estrategiaren beste helburuetako bat da Euskadin bizi diren pertsona guztiek emakumeen aurkako indarkeria matxista "onartezintzat" jotzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Indarkeria matxista Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizarte zerbitzuak Emakunde Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Soldatak