Gizartea -

EUSKARA

Zinema aretoetan, euskara ia ikusezin

Ia entzunezina eta ikusezina. Halakoa izan zen euskararen presentzia iaz Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Estreinatu ziren 10 filmetik 0,2tan bakarrik entzun edo irakurri ahal izan zen euskaraz.

'Irati' filmaren irudi bat. Argazkia: David Herranz
'Irati' filmaren irudi bat. Argazkia: David Herranz
'Irati' filmaren irudi bat. Argazkia: David Herranz

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2023an Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan euskarak izan zuen presentzia % 2,48koa izan zen. Beste modu batera esanda: 563 film estreinatu ziren iaz, eta horietatik 14 bakarrik izan ziren euskaraz. Lau baino ez euskarazko jatorrizko bertsioan; eta hamar, euskarara bikoiztuta edo euskaraz azpidatzita. Elebidunak edo eleanitzak, berriz, bi izan ziren. Gainerako guztietan gaztelania izan zen hizkuntza bakarra.

Datuok Pantailak Euskaraz eta Zinemak Euskaraz euskal ikus-entzunezkoen aldeko ekimenek bildu eta zabaldu dituzte, 2023an Hego Euskal Herriko zinema komertzialetan izandako estreinaldien hizkuntza aztertu ondoren —Ipar Euskal Herriko datuak ez dituzte aztertu—. Ikerketaren emaitzak "gordinak bezain kezkagarriak" direla esan ondoren, bi taldeok eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak salatu dute "euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoa" dela zinema aretoetan.

Euskarazko hainbat dokumental eta haurrentzako nazioarteko film batzuk euskarara bikoiztuta estreinatu baziren ere, Paul Urkijoren 'Irati' fantasiazko lana izan zen joan den urtean zinemetan euskaraz estreinatu zen fikziozko pelikula bakarra.

Agertoki horren aurrean, Pantailak Euskaraz taldeak euskararen erabilera normalizatzeko EAEko 10/1982 Legea eta Nafarroako 18/1986 euskarari buruzko foru dekretua ekarri ditu gogora, betetzen ez direla azpimarratzeko. Bi arauok diote, bakoitzak bere ñabardurekin, erakundeek euskarazko ikus-entzunezkoen ekoizpena babestu eta sustatu behar dutela. 

Nolanahi ere, badira zenbait ekimen euskarazko eskaintza bermatzea helburu dutenak, horien artean ZinUEMA (Tinko euskara elkarteak eta UEMAk martxan jarritako ekimena), eta hori txalotu egin du Pantailak Euskarazek. Hiru hilabetez astero euskarazko eskaintza bermatuta dute, besteak beste, Ataunen, Azpeitian, Etxarrin eta Igorren. "Beharrezkoa da euskararen presentzia legez bermatuko duten arauak jorratzea. Izan ere, ikus-entzunezkoek geroz eta denbora gehiago hartzen dute gure aisialdian… filmak euskaraz egotea ezinbestekoa da euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko". 

Agertoki horren aurrean, Pantailak Euskarazek eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak euskarazko ekoizpenak kontsumitzeko deia egin diete herritarrei, eta eskaintzarik ez dagoen kasuetan, salaketa jartzeko eskatu.

Jatorriz euskarazko bertsioan eskaini ziren euskal ekoizpenak:

- 'Irati' (Paul Urkijo Alijo)

- 'Karpeta Urdinak' (Ander Iriarte)

- 'Tetuan' (Iratxe Fresneda)

-  'Bidasoa 2019-2023' (Fermin Muguruza)

Zinema Euskaraz programaren (Eusko Jaurlaritza, Zineuskadi) bitartez euskarara bikoiztuta eskaini diren haurrentzako filmak:

 - 'Yuku eta Himalayako lorea'

 - 'Momiak'

- 'Lau ahizpa magikoak'

-  'Mavka: basoaren zaindaria'

-  'Allan giza antena'

-  'Superheroien filma'

-  'Abentura erraldoia'

- 'Boo Kwai'

- 'Doraemon: Nobitaren dinosauro berria'

- 'Migrazioa: bidaia ahaztezina'

Jatorriz elebidunak edo eleanitzak eta aurten estreinatu diren beste euskal ekoizpenak:

- '20.000 especies de abejas' (Esti Urresola)

- 'Gelditasuna ekaitzean' (Iñigo Gastesi)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Zinemaldia 2024 Zer gertatu da Bizkaian? Gipuzkoa Gaurko albisteak Nafarroan Araba Gizartea Zinema estrenaldiak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Euskal zinema sariak