Gizartea -
Gripe eta covid epidemia
Osasun Ministerioak musukoa inposatuko du gaur osasun-zentroetan, nahiz eta 11 erkidego ados ez egon
Nafarroak eta Euskadik gomendioaren alde egin dute. Monica Garcia Osasun ministroak agerraldia du iragarrita (13:00etan) arnas aparatuko eritasunen epidemia dela eta hartu beharreko neurrien berri emateko.
EITB Media
Arnas infekzioen gorakadaren aurrean, Osasun Ministerioak musukoa erabiltzea inposatuko du gaur osasun-zentroetan, nahiz eta erkidego asko aurka egon. Asteazken honetan bukatzen zen neurri horri eta beste batzuei (Lehen Mailako Arreta arintzeko justifikatutako autobajak, esaterako) alegazioak egiteko epea.
Astelehenean Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluan ez zuten akordiorik itxi, eta Osasun Ministerioak 48 orduko epea eman zien erkidegoei bere planteamenduari alegazioak aurkezteko.
Gaurko Osasun Sistema Nazionalaren Lurralde Arteko Kontseiluaren beste bilera bat aurreikusita bazegoen ere, azkenean ez dute egingo, eta Monica Garcia Osasun ministroak agerraldia egingo du (13:00etan) egoerari aurre egiteko neurriak jakinarazteko.
11 erkidego, kontra
Astelehenera arte, seik bakarrik derrigortu zuten osasun-zentroetan eta ospitaleetan: ostiralean Kataluniak, Valentziak, Murtziak eta Aragoik iragarri zuten, eta Asturias eta Kanariar Uharteak gehitu zitzaizkien, Lurralde Arteko Kontseilua ostean.
Nafarroak osasun-zentroetan, zentro soziosanitarioetan eta sintomak dituzten pertsonentzat musukoa erabiltzea gomendatzen du, batez ere leku itxietan badaude. Hala ere, azkenean, neurria ezartzen bada, "juridikoki aztertuko" du, eta "alternatibarik ez badago" onartu egingo du, Foru Erkidegoko Gobernuaren iturriek adierazi dutenez.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak asteazken honetan proposatuko dio Ministerioari derrigortasuna "gomendio" batekin ordezkatzea, uste baitu Estatu osoan ezartzeak ez duela justifikazio epidemiologikorik eta "zailtasun juridikoak" planteatzen dituela, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azaldu duenez.
Sagarduik aurreratu duenez, Osasun Saileko zerbitzu juridikoak Ministerioaren asmoaren legezkotasuna aztertzen ari dira, eta zalantzan jarri ditu erabakiaren formak eta mamia. "Gauzak ez dira horrela egiten", ohartarazi du.
Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak azaldu duenez, Espainiako Osasun Ministerioak ospitaleetan eta osasun etxeetan maskara ezartzera behartu ditzake autonomia erkidegoak. Horren esanetan, erregimen autonomikoaren barruan dagoen "aginduzko koordinazioa" izeneko lege aurreikuspenak aukera ematen dio Espainiako Gobernuari autonomia erkidegoei erabaki bat ezartzeko. Edozein kasutan, zehaztu du legeak ezartzen dituen baldintza bete behar direla horretarako
Monica Garcia Osasun ministroak neurriarekin bat egiteko eskatu die eragozpenak agertu dituzten 11 erkidegoei, "normaltasun apur batekin", zentzuzkoa delako, "eta jendea osasun-zentroetan aplikatzen ari delako, derrigorturik ez dagoen arren".
Asteazkenera arteko epea dute beren borondatez egiteko; bestela, Espainiako Gobernuak erabaki du jarduera koordinatuen adierazpena erabiltzea, Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko Legearen 65. artikuluan jasotakoa, eta horren barruan dauden "alde guztiak behartzen" ditu.