Gizartea -
Ordu aldaketa
Ordubete gehiago "lo egiteko", gaur gauean
03:00etan bukatuko da udako ordutegia. Ordu horretan, ordubete atzeratuko da ordularia.
Agentziak | EITB MEDIA
Gaur goizaldean, larunbatetik iganderako gauean, bukatuko da udako ordutegia, 03:00etan. Ordu horretan, 02:00etara atzeratu beharko ditugu erlojuak, neguko ordutegiari hasiera emateko, 2024ko martxoaren 27ra arte.
Ordu aldaketaren Europako zuzentarauari jarraikiz, EBko estatu guztietan aplikatuko da ordu aldaketa, energia aurrezteko, neurri horren eraginkortasunak sortu dituen zalantzak gorabehera.
IDAE Energia aurrezteko eta Dibertsifikatzeko Espainiako Institutuak egindako kalkuluen arabera, 300 milioi euro aurreztuko dira Espainiako Estatuan argindarrean, % 5. Horietako 90 milioi Espainiako Estatuko etxeetan aurreztuko dira (etxe bakoitzean 6 euro, gutxi gorabehera), eta gainerako 210 milioiak, beste eraikin batzuetan zein industrian.
Alabaina, iturri berberak zehaztu du horrekin lotutako txosten berriena 2015ekoa dela, eta, beraz, gaur-gaurkoz ez dagoela frogatuta ordu aldaketak energia aurrezteko balio duenik.
Ordu aldaketari buruzko eztabaida
2018an ekin zion hasiera Europar Batasunak ordu aldaketaren gaineko eztabaidari. Orduan, Europako Batzordeak herri galdeketa egin zuen, herritarrei ordu aldaketa egiteari uzteko proposamenaz galdetzeko —% 80 alde agertu ziren—.
Emaitza horiek oinarri, Finlandiaren ekimenez, Batzordeak proposatu zuen 2019ko martxokoa izatea azken ordu aldaketa, baina adostasun eza gailendu zen orduko hartan.
Gainera, nahiz eta Europako Batzordea alde agertu, aurtengo martxoan Europako Parlamentuko Garraio eta Turismo Batzordeak atzeratu egin zuen ordu aldaketaren behin betiko bukaera, estatuek denbora gehiago izan dezaten udako edo neguko ordutegiaren artean erabakitzeko.
1974an orokortu zen ordu aldaketa, petrolioaren lehen krisiaren ondotik. Zenbait herrialdek ordulariak aurreratzea erabaki zuten orduan, eguzki argia hobeto aprobetxatze aldera, eta argindar gutxiago kontsumitzeko helburuarekin. 1981ean egin zen ofizial ordu aldaketa.
Europan piztutako eztabaida gorabehera, gutxienez 2026ra arte jarraituko dute indarrean ordu aldaketek, dela neguko ordutegiari dagokion aldaketa (urriko azken igandean egin ohi da) dela udakoari dagokiona (martxoko azken igandean egin ohi da).