Gizartea -

ADINEKO PERTSONEN I. TOPAKETA

Erabaki publikoetan aktiboki parte hartu nahi dutela aldarrikatu dute adinekoek Durangon

EuskoFederpen Euskal Pentsiodun eta Erretiratuen Lurralde Elkarteen Federazioak deituta, 1.300 pertsona baino gehiago bildu dira Durangon, Euskadiko adinekoen lehen topaketan parte hartzeko.

Adinekoen topaketa Durangoko Landako Gunean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Adinekoen topaketa Durangoko Landako Gunean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Adinekoen topaketa Durangoko Landako Gunean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 1a, Adineko Pertsonen Nazioarteko Eguna dela eta, Euskadiko Adinekoen Lehen Topaketa egin dute igande honetan Durangoko Landako Gunean, EuskoFederpen elkarteak antolatuta. Bizkaiko Nagusiak, Gipuzkoako Agijupens eta Arabako Lau Dorreak elkarteek osatzen dute EuskoFederpen Euskal Pentsiodun eta Erretiratuen Lurralde Elkarteen Federazioa eta deialdiari erantzunez, 65 urtetik gorako 1.300 lagun hurbildu dira Durangora, hizlari ere izan den Toti Martinez de Lezea idazlea, besteak beste.

Felix Elkoroiribe EuskoFederpeneko presidenteak gogorarazi du adinekoen kolektiboa herritarren % 25 dela eta gaurko topaketa kolektiboa "erreferente argi gisa aurkezteko aukera" bat dela azaldu du.

Erabaki publikoetan parte aktiboa izan nahi dutela aldarrikatu dute adinekoek Durangon. Irakurri duten manifestuaren lehen puntuan, "hainbat arlotan erabakiak planifikatzeko, lantzeko eta hartzeko" modu aktiboan parte hartzeko eskubidea erreibindikatu dute eta horren inguruko konpromisoak "asmo hutsetan" ez uzteko ere eskatu dute.

"Pentsio duinak", zahartze aktiborako programak eta baliabideak handitzea ere eskatu dute, baita adinekoei eta horien familiei "kalitatezko zaintza" bermatzeko eta komunikabideek talde horri buruz ematen duten irudi "faltsu eta interesatuarekin" amaitzeko ere.

"Adinaren estereotipoa kentzeko" beharraz ere hitz egin dute eta Elkoroiribek dei egin die alkateei "Adinekoen Mahaia" edo Adinekoen sailak sortzeko, kolektibo horren aldeko politika publikoak gidatzeko.

Erakundeen erantzuna

Mirela Elkoroiribe Durangoko alkateak aitortu du beharrezkoa dela erakunde publikoek eta gizarteak pertsona horiekin duten "zorra kitatzea". Herritarrek "zor handia" dutela adinekoekin nabarmendu du, baina "agian ez da behar adina eskertu baina garaiz gaude", esan du.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua ere Durangon izan dira. Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak adinekoen eskubideak "aitortu eta ziurtatu" behar dituela, eta "euskal nazioa sortzeko" egindako ekarpena aitortu du.

Urkulluk gogorarazi duenez, "mundu mailako aldaketa demografikoa bizitzen ari gara", lau pertsonatik batek 65 urte baino gehiago baititu. Azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzak "lau konpromiso" ditu adinekoekin: Bizitza publikoan duten eginkizun aktiboa indartu, erabaki sozial eta politikoetan integratu, zahartze aktiboa sustatu eta bizitza bere osotasunean ziurtatu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iñigo Urkullu Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Durango Albisteak Pentsioak Pertsona edadetuak