Gizartea -

beroaldia

Laudion izan da tenperaturarik altuena, 43,4 ºC

Gueñesen (Bizkaia), berriz, 43,2 gradura iritsi dira, Zallan 41,9ra, Amurrion eta Orozkon 41,4ra, eta Igorren 41era. Osakidetzako larrialdi-zerbitzuek 56 pertsona artatu dituzte 19:00ak arte, muturreko beroak jota.

Haurrak Bilboko iturri batean. Argazkia: EFE
Haurrak Bilboko iturri batean. Argazkia: EFE
Haurrak Bilboko iturri batean. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laudion (Araba) dagoen Gardeako estazio meteorologikoak neurtu du tenperaturarik altuena gaur: 43,4 ºC. Gueñesen (Bizkaia), berriz, 43,2ra iritsi dira, Zallan (Bizkaia) 41,9ra, Amurrion (Araba) eta Orozkon (Bizkaia) 41,4ra, eta Igorren (Bizkaia) 41era. Osakidetzako larrialdi-zerbitzuek 56 pertsona artatu dituzte 19:00ak arte, muturreko beroak jota.

16:30ean, Orozkoko estazioan 41,4 graduko tenperatura neurtu dute, Euskal Autonomia Erkidegoko 15 estazio meteorologikoetako altuena. Termometroa 40,6 gradura iritsi da Zallan, eta Gipuzkoan, Bergarako San Prudentzio estazioan, 40,3ra. Gutxigatik bada ere, 40 graduko langatik behera geratu dira Bizkaian Galdakaoko (39,9) eta Derioko (39,7) termometroak.

Nafarroan, tenperatura 39 ºC ingurukoa izan da Iruñerriaren hegoaldean, Estellerri eta Oibar aldean, eta zertxobait baxuagoa Foru Erkidegoko beste eremu batzuetan, Aemetek jakinarazi duenez.

Bestalde, 15:10ean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bosna estazio meteorologitan neurtutako maximoak bildu ditugu: 

Araban, aipatu bezala, Laudion neurtu dute altuena (43,4 ºC). Hortik apur bat beherago heldu da termometroa Amurrion, Saratxon (41,6 ºC), eta Agurainen (38,3 ºC). Agian harrigarria egingo zaie batzuei, baina "epelago" zeuden Gasteizen (39,7 ºC) eta Guardian, Paganosen (37,3 ºC).

Bizkaian, Enkarterri labe bihurtuta zegoen 15:10erako, Sodupen 43,2 ºC eta Zallan 41,9 ºC neurtu baitituzte. Arratian neurtu dute hirugarren beroena (41,0 ºC, Igorren), eta Iurreta (39,9 ºC) eta Zorrotza Bilboko auzoa (38,1 ºC) ageri dira zerrendan ondoren. Kostaldean, giro "atseginagoa" izan dute, baina Bermeon 30 ºC-ra igo da termometroa.

Gipuzkoako estazioetan ez dira 40 ºC-ra iritsi, baina Arrasate gertu geratu da, 39,9 ºC-rekin. Hortik behera, Ibai Ederren (Azpeitia) 37,7 ºC, Berastegin 35,4 ºC eta Ordizian 36,1 ºC harrapatu dituzte termometroek. Donostian, berriz, 32,7 ºC-ra heldu dira.

Gauean, tenperatura altu samarrak izango dira, 22-27 ºC ingurukoak kostaldean eta 24-28 gradukoak barnealdean, isurialde atlantikoan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Donostia Bizkaia Gipuzkoa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Laudio Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Bero-boladak Gorobel magaleko kuadrilla