Gizartea -

COVID-19

EAEn laukoiztu egin da covid-19agatik ospitaleratutako pertsonen kopurua

129 pertsona daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxetan covid-19agatik, horietatik bost zaintza intentsiboen unitatean. Osasun Sailaren arabera, "pandemia gainditu ondoren, aurreikusten da infekzioak aldian-aldian gailurrak" izatea, gripearekin gertatzen den bezala.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Laukoiztu egin da covid-19 gaitzagatik EAEko erietxeetan ingresatuta dauden pertsonen kopurua. Egun, 129 pertsona daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, duela hilabete baino lau aldiz gehiago. Horietako bost zaintza intentsiboen unitatean daude.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur zabaldutako datuen arabera, 60 urtetik gorakoen artean astero, batez beste, 306 covid kasu erregistratu dira azken hilabetean. Aurreko hilean, berriz, 78koa izan zen asteko batez bestekoa aipatutako adin tartean.

Aldiz, hildakoen kopurua jaitsi egin da aurreko hileko datuekin alderatuta. 11 heriotza zenbatu dituzte uztailean (horietako lau, azken astean), ekainean baino 6 gutxiago.

Osasun Sailak ohar baten bidez azpimarratu duenez, "larrialdi pandemikoa gainditu ondoren", covid-19ak "jarduera handiagoko edo txikiagoko uneak" izatea aurreikusten da, eta horren intzidentziak "gailurrak" eta "haranak" izatea ere bai, "gripearekin edota bestelako arnas-gaixotasunekin gertatzen den bezala".

Halaber, Gotzone Sagardui sailburuak zuzentzen duen departamentuak gogoratu du gaitzaren eragina "nabarmen murriztu" dela "batez ere txertaketari esker". Erantsi du "banakako prebentzio-neurriak mantentzea" (besteak beste, maskara erabiltzea) oso garrantzitsua dela "covidarekin bateragarriak diren sintomak izanez gero".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Gaurko albisteak Bizkaia Araba Eusko Jaurlaritza EAE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Albisteak Gipuzkoa