Gizartea -

Errepideak

Trafiko dentsitate handieneko asteburua hasiko da, irteerek eta itzulerek bat egingo baitute

Uda honetan 1.800.000 joan-etorri egin dira Biriatuko mugatik, noranzko bakoitzean, hau da, 2022an baino % 2 gehiago, eta joan den uztailaren 1etik 3 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan (guztiak Gipuzkoan).

A8 autobia. Artxiboko irudia: EFE
A8 autobia. Artxiboko irudia: EFE
A8 autobia. Artxiboko irudia: EFE

0:39

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak azaldu duenez, dentsitaterik handiena datorren asteburuan izatea aurreikusten da EAEko errepideetan, bat etorriko baitira irteera-trafikoa eta uztailean oporrak hartu dituztenen itzulera-trafikoa zein abuztuko lehen asteburuko trafikoa.

Zirkulazio arina bermatze aldera, eta Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean, behin-behineko seinaleztapena gaitu da Armiñongo lotunean, eta, beharrezkoa izanez gero, gomendatuko da A-1 errepidearekiko paralelo bideratzen den N-1 errepidean zeharreko ibilbide alternatiboa erabiltzea Argantzun eta Armiñongo AP-1 autobiderako sarbidearen artean.

Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak udako irteera-itzulerako operazio bereziaren lehen balantzea egin du, eta nabarmendu du nazioarteko trafikoak zertxobait egin duela gora eta, oro har, joan-etorriak normaltasunez egin direla.

Joan den uztailaren 1etik 3 pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan (guztiak Gipuzkoan), joan den urteko aldi berean baino bi pertsona gutxiago, eta 2021eko kopuru bera.

Irungo AP-8 autobideko ordainlekuan egindako adierazpenetan Olabarrik adierazi duenez, irteera-operazioak Frantziako Tourrarekin bat egin zuen egunetan ohikoa baino auto-ilara txikiagoak izan ziren, "erakundeek antolatutako prebentzio-lanari eta abian jarritako segurtasun-dispositibo zorrotzari esker". Ildo horretatik, eskerrak eman dizkie herritarrei "agintarien jarraibideak erantzukizunez betetzeagatik, hala nola garraio publikoa erabiltzea eta bidaiak aldez aurretik planifikatzea".

Era berean, jakinarazi du uda honetan 1.800.000 joan-etorri egin direla Biriatuko mugatik, noranzko bakoitzean, hau da, 2022an baino % 2 gehiago. EAEko errepide-sarea zeharkatzen duten Europako fluxuak dira, batez ere Afrikako iparralderako bidean eta, hein txikiagoan, Portugalerako bidean zeharkatzen dutenak.

Barne-trafikoaren fluxuei dagokienez, Estibaliz Olabarrik adierazi du, oraingoz, iazko fluxuak baino fluxu handixeagoak izaten ari direla. Oro har, zirkulazio arina izaten ari da. Ibilgailu-intentsitaterik handienak asteburuetan eta A-8 autobidean izaten ari dira —Kantabriarako noranzkoan eta itzuleran Kantabriatik Euskadirako noranzkoan—, eguraldi onak bultzatuta.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak Trafikoa Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak A-8 Autobidea AP-68 autobidea 634 errepide nazionala Oporrak Uda A-15 autobia