Gizartea -

Euskara

Euskara sustatzeko "lege-esparru eraberritua" galdegin du UEMAk "oldarraldi judizialari" aurre egiteko

Auzitegi Konstituzionalak euskararen kontrako epaia eman eta biharamunean, "nahikoa da" esateko agerraldia egin dute 125 alkatek eta hautetsik. Salatu dutenez, justiziak "hizkuntza eskubideen irakurketa erabat trakestua" egin du, euskara "gazteleraren makuluarekin soilik" erabiltzera mugatuta.

UEMAko kideak, prentsaurrekoan. Argazkia: @uema_eus
UEMAko kideak, prentsaurrekoan.
Euskararentzat ''lege esparru eraberritua'' eskatu du UEMAk

0:55

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskararen kontrako "oldarraldi judizialaren" aurrean "nahikoa da" esateko, eta euskaldunon hizkuntza sustatzeko "urrats erabakigarriak egiteko lege-esparru eraberritu bat" eraikitzeko deia egin du gaur UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak. Horren arabera, epaiak "erantzun juridiko sendoa" behar du, eta adierazi du, UEMAri berari dagokionez behintzat, "udalen euskalduntzean pausoak ematen jarraitzea" dela asmoa. 

Euskararen aurkako enegarren epaia eman zuen atzo Auzitegi Konstituzionalak, eta 2016an Eusko Legebiltzarrak onartutako Udal Legearen 6.2 artikulua, hots, udalei euskara hutsean jarduteko eskumena ematen diena, baliogabetu zuen. Urgentziazko balorazioan, euskararen kontrako "eraso larritzat jo zuten atzo UEMAk eta Kontseiluak, baina gaur, balorazio pausatuago bat egin dute Usurbilgo frontoian (Gipuzkoa). Mankomunitateko 125 alkate eta hautetsi bildu dira prentsaurrekoan, jasotako "kolpe handia"ren  erakusle. Iraitz Lazkano UEMAko jarduneko presidenteak irakurri duen erakundearen adierazpena. 

Nabarmendu dutenez, udal euskaldunak "epaitegien ezpatapean" aritzen ziren garaietara itzularazi ditu Auzitegi Konstituzionalak, duela bi urte Vox alderdi ultraeskuindarrak, EAEn batere zinegotzirik ez duen indarrak, jarritako salaketa aintzat hartuta. Euren ustez, hizkuntza eskubideen "irakurketa erabat trakestua" egin du Auzitegiak, "argudio erabat onartezinak" erabilita. 

"Udalei eskumena kendu zaie beren barne-funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko, eta muga argi bat ezarri: administrazioan, gaztelaniaren makuluarekin soilikerabil daitekeela euskara. Hots, gaztelaniaz mugarik gabe egin daiteke; udalek euskaraz egiteko aukera izatea, zinegotzien hizkuntza-eskubideak errespetatuta, hori supremazia dela dio auzitegiak", salatu dute.

Lazkanok gogorarazi dutenez, egoera hau ez da berria euskararen aldeko eragileentzat, "ez gara hutsetik abiatzen", erantsi dute. UEMAko udalek eta mankomunitatean sartzeko asmoa zutenek izandako "debeku, arazo, eta trabak" gogora ekarri dituzte, baita azkenaldian emandako kutsu bereko beste epai batzuk ere. UEMAren aburuz, "euskara sustatzeko lege-zimendua higatzen ari dira auzitegiak", eta horren aurrean, "elkarlanean" ekiteko deia egin du. "Inolaz ere onartu ezin dugun atzerakada da", nabarmendu dute. 

"Oldarraldi juridikoari" kalean —azaroaren 4an Kontseiluak manifestazioa deitua du— erantzuteko aldarria egiteaz gain, euskara sustatzeko "lege-orubea eraberritzeko" deia egin du UEMAk; "badago premia, badaukagu erantzukizuna".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz EAE Gizartea bideoak Gaurko titularrak Usurbil Eguneko albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala