Gizartea -

Udal Legearen aurkako ebazpena

Jaurlaritzak euskararen "etengabeko judizializazioa" kritikatu eta autogobernua errespetatzea eskatu du

Jaurlaritza ez dator bat Konstituzionalaren erabakiarekin, eta uste du "euskal autogobernua urratzen duela eta beste mespretxu bat dakarkiola euskarari, haren hiztunei eta Euskadin gai horren inguruan dagoen adostasun sozialari".

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik gogor kritikatu du Auzitegi Konstituzionalaren epaia. Euskararen "judizializazio bizia" gaitzetsi du, eta ohartarazi du "hizkuntzaren ideologizazio" baten aurrean gaudela, eta, kasu honetan, toki korporazioetako kideen lanari eragiten diola, erabiltzen dituzten dokumentu idatziei dagokienez.

Vox alderdiak Euskadiko toki erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera normalizatzeko 179/2019 Dekretuaren aurka EAEko Auzitegi Nagusian aurkeztutako helegitea da auzi honen jatorria.

Auzitegi Konstituzionalak udaletan euskara bakarrik erabiltzea ahalbidetzen duen legea baliogabetu du, euskarari "lehentasunezko tratua" ematen diola uste baitu. Konstituzionalak uste du Udal Legearen seigarren artikuluaren bigarren atalak urratu egiten duela Espainiako Konstituzioa, hizkuntza ofizial baten aurrean, besteari lehentasuna ematen diolako.

Eusko Jaurlaritza ez dator bat erabakiarekin, eta uste du "euskal autogobernua urratzen duela eta beste mespretxu bat dakarkiola euskarari, haren hiztunei eta Euskadin gai horren inguruan dagoen adostasun sozialari", ohar batean azaldu duenez.

Era berean, EAEko Exekutiboaren hitzetan, "erabakiak autogobernua azken urteotan jasaten ari den higaduran sakontzen du Estatuak birzentralizazioa indartzen duen neurrian". "Epai horrek ez du aintzat hartzen azken lau hamarkadetan gure administrazioetan egin den elkarrizketa eta akordio bidea", kritikatu du Iñigo Urkulluren Gobernuak.

Garamendiren ustez, "legeak ez du ezartzen euskararen nagusitasuna gaztelaniaren aldean, eta artikulu honen zatiak ez diola froga-kargarik gehitzen euskara ez dakien udalbatzako kide bati". Gainera, gogorarazi du Konstituzionalak berak jada ebatzita duela toki erakundeek euskara eta gaztelania normaltasunez erabil ditzaketela, bai barne harremanetan, bai haien arteko harremanetan, bai partikularrekin dituzten komunikazioetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Eusko Jaurlaritza EAE Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak Auzitegi Konstituzionala