Gizartea -

Euskara

Iñigo Urrutia: "Epaiak ikaragarrizko segurtasun juridiko falta ekarriko du"

Hemendik aurrera, Auzitegi Konstituzionalak epaiarekin ezarritako jurisprudentziaren arabera, "udalek ezin izango dute hizkuntza ofizialetako bati lehentasuna eman", salatu du EHUko Aldezle eta Zuzenbideko doktoreak.

Iñigo Urrutia EHUko Aldezle eta Zuzenbideko doktorea. Irudia: EITB
Iñigo Urrutia EHUko Aldezle eta Zuzenbideko doktorea. Irudia: EITB
Iñigo Urrutia EHUko Aldezle eta Zuzenbideko doktorea. Irudia: EITB

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren ondorioei buruz, "ikaragarrizko segurtasun juridiko falta" ekarriko duela iragarri du Iñigo Urrutia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Aldezle eta Zuzenbideko doktoreak; izan ere, udalek zalantza izango dute: "zein punturaino erabili dezakete Euskal Herriko hizkuntza propioa?"

Gainera, etorkizunean legearen gaitasunak mugatu egingo dituela uste du Urrutiak. "Ikusi beharko da Auzitegi Nagusiaren epaia, Konstituzionalaren sententzia eskuan duela", zehaztu du.

Auzitegi Konstituzionalak udaletan euskara bakarrik erabiltzea ahalbidetzen duen legea baliogabetu du, euskarari "lehentasunezko tratua" ematen diola uste baitu. Konstituzionalak uste du Udal Legearen seigarren artikuluaren bigarren atalak urratu egiten duela Espainiako Konstituzioa, hizkuntza ofizial baten aurrean, besteari lehentasuna ematen diolako.

Urrutiak eitb.eus-i azaldu dionez, epaiaren balorazio juridikoak zein politikoak egin daitezke, baina "guztiak negatiboak" dira.

Ikuspegi juridikotik, epaiak hizkuntza koofizialtasunaren inguruko jurisprudentzia "errotik" aldatzen duela uste du Urrutiak; izan ere, orain arte "erabat zilegi zen udal bat euskaraz jardutea, betiere norbanakoen eta zinegotzien hizkuntza eskubideak errespetatuta".

Zuzenbideko doktorearen ahotan, "Udal Legeak egin zuena, hain zuzen ere, izan zen Konstituzionalaren ordura arteko jurisprudentzia hori hartu eta legearen testura eraman". Horrela, legearen babesaz "zilegi bihurtu zen euskaraz funtzionamendua" EAEko udaletan.

Baina, orain, Konstituzionalaren epaiak dio zinegotzi bati eskatzea euskararik ez dakiela onartzea "karga handiegia" dela, "kontuan hartu gabe ez zaiola inola ere gaztelaniaz aritzeko eskubidea mugatu", kritikatu du. Beraz, Auzitegiak "bi plano horiek erabat nahastu egiten ditu, eta mugatu euskaraz hutseko funtzionamendua", ondorioztatu du Urrutiak

Hemendik aurrera, jurisprudentzia honen arabera, "udalek ezin izango dute hizkuntza ofizialetako bati lehentasuna eman", salatu du. "Juridikoki planteamendua okerra da, euskararen ofizialtasuna ezer ezean uzten duelako", deitoratu duenez.

Bestalde, politikoki, Konstituzionalak, alde batetik, "hizkuntza akordioa erabat zapuztu du", esan du. Udal Legea Euskararen Legea baino adostasun zabalago batekin onartu zela gogorarazi du doktoreak. Vox eta PP kenduta, gainerako talde politiko guztiek araua babestu zutela gogora ekarri du.

Bestetik, epaiarekin udal batek ezin diola hizkuntza bati lehentasunik eman ebatzi du Konstituzionalak. "Hori hizkuntza politika egitea da, eta hori ez dagokio auzitegiari", nabarmendu du. "Benetan larria, hizkuntza politika egiten dabil", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskara Euskal herriak EHU Gizartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Auzitegi Konstituzionala