Gizartea -

Bizkaia

Manifestazio jendetsua Igorren, jantokiko sukaldari falta salatzeko

"Kalitatezko jantoki zerbitzu baten alde" lelopean, eskolatik herri erdigunera doan bidea egin zuten atzo arratsaldean ehunka lagunek. Igorreko Eskolako Guraso elkarteak hilabete darama protestan, Jaurlaritzak eskola jantokiko zerbitzuan zegoen errefortzuko sukaldaria berrezartzea eskatzeko.

Manifestazioa, Igorren. Argazkia: Igorreko Eskolako Guraso Elkartea
Manifestazioa, Igorren. Argazkia: Igorreko Eskolako Guraso Elkartea
Manifestazioa, Igorren. Argazkia: Igorreko Eskolako Guraso Elkartea

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igorreko Eskolako Guraso Elkarteak deituta, manifestazio jendetsua egin zuten atzo, maiatzaren 26an, eskola jantokiko zerbitzuan Jaurlaritzak egindako murrizketa salatzeko. Hilabete honetan hirugarrenez atera ziren kalera Igorreko familiak.

Eskolako patiotik abiatuta, erdigunerainoko bidea egin zuten 200 lagunek baino gehiagok, "Kalitatezko jantoki zerbitzu baten alde" goiburupean. Jai giroa izan zen nagusi, eta "5. sukaldaria" edo "Osasuntsu bazkaldu nahi dugu" bezalako leloak oihukatu zituzten heldu eta haurrek.

Arazoaren iturria Hezkuntza Sailak darabilen "kontratazio politika" da, salatu dutenez. Ratioak betetzeko sukaldari lanpostu bat sortu beharrean, errefortzuko langileak tarte mugatu batez kontratatzen ditu. Espainiako araudiaren arabera, baina, kontratu mota horiek ezin dira sei hilabetetik gorakoak izan. Jantoki zerbitzua 10 hilabetekoa izanik, "nekez bete daiteke hutsunea legea urratu gabe", eta hori da, hain justu, Igorreko eskolan gertatu dena.

Behin kaleratzea gauzatuta, ezarritako ratioaren gainetik geratu ziren 15 umeei "catering zerbitzua inposatu zien Hezkuntza Sailak". Berriki, "hezkuntza komunitatearen kexuak apaldu nahian, sukaldariaren lekuan garbitzaile bat kontratu du Jaurlaritzak, baina argi dago horrek ez duela arazoa konpontzen", ondorioztatu du guraso elkarteak.

Hilabete borrokan

Igorreko Eskolako Guraso Elkartearen iritziz, neurria "erabat diskriminatzailea" da, eta ez du bat egiten eskola publikoak merezi duen kalitatearekin. Horrenbestez, jantokiari dagokion bosgarren sukaldari hori berrezarri arte protestan jarraituko dutela iragarri dute familiok.

Hirugarren aldia da guraso elkarteak protesta kalera ateratzen duena. Aurrenekoan, jantokia bera ikastetxeko kanpoaldera atera zuten: 180 familiek zentro ondoko parkean hartu zuten otordua, jai giroan. Bigarrenean, aldiz, lapikokada jendetsua egin zuten 150 bat lagunek. Kaleko protestez gain, maila administratiboan ere mugitzen ari dira familiak, eta Jaurlaritzari bosgarren sukaldaria berrezartzeko eskaera formala igorri diote 340 norbanakok.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal herriak Bizkaiko albisteak EAE albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Azken ordukoa protestak Igorre albisteak Umeak albisteak Arratia-Nerbioi eskualdea gaur