Gizartea -

Euri denboralea

Ibaien egoerak hobera egin du

Denboraleak 27 gorabehera eragin ditu ur putzuengatik, gehienak Bizkaian. Gainera, 100 bat intzidentzia zenbatu dituzte luiziengatik eta arbolak bidera erori direlako. Zuhaitz bat katenariara jausi dela eta, goizean etenda egon da tren zerbitzua Usurbil eta Orio artean, baina berrezarri dute.

Cadagua ibaia hazita doa Alonsotegi parean. Alberto Zorrilla erabiltzaileak bidalitako argazkia.
Cadagua ibaia hazita doa Alonsotegi parean.
Butroi ibaiak errepideak eta soroak urez estali ditu Gatikan

0:38

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euria goitik behera, etengabe, ari du atzotik eta, ondorioz, gora egin dute azken orduotan Bizkaiko eta Gipuzkoako ibaien emariek. Egoera kontuan hartuta, Euskadiko Uholde Arriskuetarako Plan Bereziaren alerta-fasea aktibatu zuen atzo. Dena dela, egoerak egonkortzera egin du goizean, eta Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologia zuzendariak iragarri duenez, "okerrena igaro da"

Bizkaian, Butroi ibaiaren egoera da kezka iturri nagusia. Gatika parean maila laranjan dago (ubidetik atera da bertan), eta Mungian, horian. Horrez gain, Nerbio-Ibaizabalen emaria berdera jaitsi da Sangroniz parean (Sondika) baina horian dirau Larrañazubin. 

Gipuzkoan, maila berdean daude jada Oria (Lasarte-Oriako estazioan) eta Urola ibaiak (Aizarnazabal eta Matxinbenta estazioetan). Deba ibaiaren egoera bertsua da, eta berdean dago Eibar eta San Prudentzio parean. 

Itsasgora 12:20an izan da, baina ez du aparteko arazorik eragin. 

Ibaien mailan ez ezik, errepideetan ere arazo ugari sorrarazi dituzte euriteek: lur jausiak, bidera eroritako arbolak, eta ur putzuak. Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, ur putzuengatik 27 gorabehera izan dira, gehienak (25) Bizkaian, eta bereziki Mungialdean. Brutoi ibaiak gainezka egin du eta Gatika eta Mungia arteko bigarren mailako errepideak itxiarazi ditu. Gainera, Mungian bertan zuhaitz bat erori da errepidera.

Gipuzkoan, kontuz gidatzeko eskatu dute N-634 errepidean, Eibar parean, eta AP-8an, Itziarko tunelaren barrualdean, bi kasuetan ur putzuengatik. 

Horrez gain, 100 bat gorabehera izan dira luiziak eta errepidera jausitako arbolak tarteko; erdia baino gehiago (59) Gipuzkoan jazo dira. 

Bestalde, Gipuzkoan Euskotreneko tren zerbitzua etenda egon da Orio eta Usurbil artean, zuhaitz bat katenariara jausi dela eta. Hiru ordu geroago normaltasunera itzuli da zerbitzua.

Tren zerbitzua eten dute Baiona eta Hendaia eta Baiona eta Donibane Garazi artean

TER tren konpainiak gaur goizaldean ohartarazi duenez, tren zerbitzua bertan behera utzi dute Baiona eta Hendaia eta Baiona Donibane Garazi artean.

Sei abisu daude indarrean EAEn

Euskal Autonomia Erkidegoa alerta laranjan dago itsasaldeko arriskuagatik, 5-6 metroko olatuak espero baitira. Gainera, sei abisu hori daude indarrean: elurragatik barnealdean, prezipitazio iraunkorragatik Bizkaian eta Gipuzkoan, haizeagatik eta olatuen zipriztinengatik. Iragarpenaren arabera, giro goibel eta hotzak okerrera egingo du egunak aurrera egin ahala. Tenperaturek zein elur kotak beherantz egingo dute, eta eguna amaitzerako, 400 metroan kokatuko da elur maila. 

Dena dela, okerrena asteazkenarekin iritsiko da, orduan aktibatuko baitute alerta laranja elurragatik (300-400 metroan egingo du, barnealdean). Horrekin lotuta, Eusko Jaurlaritzako Neguko Bidezaintza Planeko Koordinazio Organoak bilera egingo du gaur eguerdian, Bilbon. Elurteak direla eta, iragarpena aztertu eta baliabideak adostu eta koordinatuko dituzte. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Alerta meteorologikoak Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak Eguraldia Bilbao Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Uholdeak Ibaien albisteak