Gizartea -
ALERTA METEOROLOGIKOAK
Alerta Bizkaiko ibaietan: Butroek eta Gobelak uholde txikiak eragin dituzte Mungian eta Getxon
Sondikan, hainbat ume ebakuatu behar izan dituzte ur-poltsa batean harrapatuta geratu den autobus batetik. Jaurlaritzak Uholde Arriskuetarako Plan Bereziaren alerta-fasea aktibatu du
EITB MEDIA
Negu denboraleak eurite handiak utzi ditu astelehenean eta, ondorioz, ibaiak oso hazita datoz, batik bat Bizkaian. Une honetan, Butroe, Gobela eta Asua ibaiek kezkatzen dute gehienbat, eta uholde txikiak eragin dituzte.
Testuinguru horretan, Jaurlaritzak Uholde Arriskuetarako Plan Bereziaren alerta-fasea aktibatu du.
Hauxe da ibaien egoera:
- Gobela, Getxon: ibaiak gainez egin du Salsidun, eta ondorioz urek zenbait lokal eta garaje hartu dituzte. Udalak dei egin du ibilgailuak kentzeko arrisku handiko lekuetatik, eta teknikariak hare-zakuak jartzen ari dira.
- Butroe, Mungian: uholde txikiak jazo dira eta zenbait etxebizitzatan ura sartu da. Udalak krisi mahaia bildu du. Gainera, zenbait errepide itxi behar izan dituzte.
- Asua, Sondikan: hainbat ume ebakuatu behar izan dituzte ur-poltsa batean harrapatuta geratu den autobus batetik. BI-735 errepidea itxita dago, ur asko duelako.
Kortezubin eta Loiun, ur putzu handiak sortu dira errepidean euriteen ondorioz, eta hainbat ibilgailu harrapatuta geratu dira, Bizkaiko suhiltzaileek artatu behar izan dituztelarik.
Euskalmetek maila laranja ezarri du azken orduetan zenbait estaziotan, besteak beste; Nerbioi-Ibaizabalgo arroko Sangronizeko estazioan edo Butroeko arroko Mungiako estazioan. Azken horren kasuan, gainera, Butroi ibaiak gainezka egin du zenbait puntutan. Arro berean, Gatikako estazioa maila horian mantentzen da, baita Larrainazubikoa ere, Gobelako arroan.
Butroe ibaiak dakarren urak ez du oraindik jabetzetan kalterik eragin, baina Mungian tokiko errepide batzuk itxita diraute, aparkaleku bereziak jarri baitituzte eta hiri garraioko autobusen geltokiak murriztu baitituzte.
Euskalmetek jakinarazi duenez, arratsaldeko 19:00ak arte 74,9 litro pilatu dira metro koadroko Arteagan; 65,7 litro Ibaizabalen, Galdakao parean, eta 62,5 litro Abusuko estazioan, Bilbo inguruan.
Elur-kotari dagokionez 1.100 eta 1.300 metro artean kokatu da goizean, eta arratsalderako zertxobait igoko dela iragarri du Euskalmetek. Nafarroan, baina, goizean bota duen elurraren ondorioz, Belaguako mendatea itxi egin behar izan dute.
Bihartik aurrera, elurra 400 metrotan espero da. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du elurragatik barnealdean asteartean, goizeko 09:00etatik gauerdira arte. Goizean 1000 metrotik behera kokatuko da, eta, oro har, egunaren bigarren partean 600-700 metro inguruan koka daiteke. Egun amaieran, 400 metrora jaits daiteke.
Olatua handiak izango dira bihar ere. Horregatik, goizeko 03:00etatik 24:00ak arte alerta laranja ezarri dute.
Asteazkenerako, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du elurragatik, maila baxuetan egingo baitu, 300-400 metro inguruan eta baita azpitik ere. Alerta egun osoan egongo da indarrean Gipuzkoa eta Bizkaiko barnealdean eta Araban.
Bestalde, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak alertak aktibatuko ditu Nafarroako erdialdean eta isurialde kantauriarrean, 500-700 metrotik gorako 10 zentimetroko metaketengatik.