Gizartea -
Eguraldia
Eusko Jaurlaritzak tentuz gidatzeko eskatu du, elurra datorrela eta
Ohartarazi du asteazkenean eta ostegunean izango direla egun hotzenak, eta ondorioz, elurra botako duela "maila ertain eta baxuetan". Nafarroako eta EAEko gobernuek prest dituzte elurra kentzeko makinak.
agentziak | eitb media
Ricardo Ituarte Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi eta Meteorologia Arretarako zuzendariak "zuhurtziaz" jokatzeko deia egin die gidariei datozen egunetan errepidean bota dezakeen elurra dela eta.
Ser irrati-katean egindako elkarrizketa batean Ituartek adierazi duenez, "Kantauri isurialdean 60-80 litro espero dira metro koadroko, kantitate adierazgarri bat, eta ildo horretatik jarrai dezake ostegun edo ostirala arte".
Hori horrela, eta prezipitazioak aurreikustea "atrebentzia" izan badaiteke ere, nabarmendu du 150-200 litro arte bota dezakeela ostirala arte: "Hori dezente da".
Asteartean euri gutxixeago espero bada ere, egunaren amaieran elur-kota 400 metrora jaitsiko da. "Asteazkenean egun zailagoa izango da, 40 litrotik 60ra arteko euri jasarekin, ekaitzekin eta elur-kota 200-300 metroraino jaitsita", gaineratu du, "beherago ere" bota dezakeela zehaztu aurretik.
Ohartarazi du asteazkenean eta ostegunean izango direla egun hotzenak, eta ondorioz, elurra botako duela "maila ertain eta baxuetan".
Hala, eguraldiaren iragarpenari buruzko informazioa kontsultatzeko eskatu die herritarrei. "Printzipioz, euria izango da ezaugarri nagusia, baina asteak aurrera egin ahala, elurra errepidera iristen bada, seguru eta zuhur jokatu beharra dago, atzera daitekeena atzeratuz gure segurtasunaren mesedetan", gaineratu du.