Gizartea -
osasuna
115.000 paziente daude Osakidetzako espezialistentzako itxaron zerrendan
Gainera, 53.576 pertsona daude Euskal Osasun Zerbitzuan proba diagnostiko bat egiteko zain.
agentziak | eitb media
115.000 paziente baino gehiago daude Osakidetzako kanpo kontsultetan espezialista batekin hitzordua lortzeko zain, eta 53.576k (2019an halako bi inguru) osatzen dituzte Euskal Osasun Zerbitzuan proba diagnostiko bat egiteko itxaron zerrendak.
Datuok Gotzone Sagardui Osasun sailburuak jaso ditu Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk botatako galderari erantzuteko.
Txosten horren arabera, guztira 53.576 pertsonak osatzen zituzten Osakidetzan 2022ko azaroaren 30ean proba diagnostikoak egiteko itxaron zerrendak, eta 2019ko abenduaren 31n (pandemia piztu aurretik), berriz, 27.746k. Hau da, % 93ko igoera izan da.
Osasun sare publikoko espezialista batekin kontsultaren bat espero duten euskal herritarren kasuan, aurtengo data berean 115.618koa zen zifra, eta 2019an, berriz, 27.746 herritar ziren, % 20,8 gehiago alegia.
Lurraldeka, Bizkaiko ESIetako kanpo kontsultek 65.127 herritar dituzte espezialista batek noiz hartuko zain, Gipuzkoakoek 27.060 eta Arabakoek, berriz, 2.035.
Traumatologia da zerrenda mardulena duen espezialitatea, 19.000 pertsona baino gehiagorekin. Oftalmologiak 13.000 paziente baino gehiago ditu, eta Ginekologiak 9.900 baino gehiago.
Diagnostiko probei dagokienez (OTA, mamografiak, kolonoskopiak edo ekokardiogramak, besteak beste), Bizkaian 29 .81 herritar daude proba horiek egiteko zain, Gipuzkoan 22.060 eta Araban 2.035.