Gizartea -

HEZKUNTZA

Hezkuntza itunean, beste arrakala bat

2023ko aurrekontuen negoziazioen barruan Jaurlaritzak PP+Cs taldeari eskola pribatuetan 2 urtera arteko gelak itunpetzeko egindako eskaintzak beste arrakala bat zabaldu du. Oso haserre mintzatu dira Elkarrekin Podemos-IU eta EH Bildu, eta "desleialtasuna" egotzi diote Gasteizko Gobernuari.

Hezkuntza ituna itxi zuten legebiltzarkideak, joan den martxoan. Argazkia: EITB Media
Hezkuntza ituna itxi zuten legebiltzarkideak, joan den martxoan.
Hezkuntza ituna itxi zuten legebiltzarkideak, joan den martxoan. Argazkia: EITB Media

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk joan den martxoan hezkuntza legearen oinarrien inguruan itxitako akordioan beste pitzadura bat zabaldu da. Akordioa ez da apurtu, baina urak oso nahasita daude. Oraingoan, Eusko Jaurlaritzak 2023ko aurrekontuen negoziazioaren barruan PP+Cs taldeari egindako eskaintzak eragin du harrabotsa: eskola pribatuetan 2 urtera arteko gelak itunpetzea eskaini dio, eta horren atzean, ezkutuko interesen bat ikusten dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Bi taldeon iritzian, hezkuntza itunera batzeko atea zabaldu nahi izan die Gasteizko Gobernuak popularrei.

Bere aldetik, Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkideak esan du "ulergaitza" dela Jaurlaritzak PP+Cs taldeari egindako eskaintza, eta horren "asmo politikoa" zein den galdetu du. "Ez dugu ulertzen zertara datorren ituna izenpetu ez duen talde bati horrelako eskaintza bat egitea. Zera galdetzen dugu: zein da eskaintza horren asmo politikoa? Ulergaitza da eta deskonfiantza eragiten digu", esan du.

"Oso kezkatuta" agertu da koalizio abertzaleko ordezkaria, "hezkuntzaren inguruko eztabaidaren polarizazioa geroz eta handiagoa" delako eta "akordioaren garapenean halako tirabirek ez dutelako batere laguntzen". Halaber, Hezkuntza Sailaren lege proiektuak ez duela EH Bildu "asebetetzen" gaineratu du, besteak beste, itunean "nuklearrak" ziren hainbat atal ez dituelako jasotzen: "euskal hezkuntza zerbitzua, esaterako".

"Giroa oso nahasita" dagoela aitortuta, datorren astean bertan hezkuntza itunaren jarraipen batzordea biltzea eskatu du, egoera bideratzeko.

Haratago joan da Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkidea, eta "hezkuntza ituna haustea leporatu dio Jaurlaritzari. Horren hitzetan, PP+Cs taldeari egindako azken eskaintza horrekin egoerak "gainezka" egin du. "Onartezina" iritzi dio.

"Gu ez gaude itunetik kanpo. Itunaren zaintzaile eta defendatzaile sutsuak gara. Itunean jasotakoa bete dadin lanean jarraituko dugu, baina Jaurlaritza bere ekintzekin behin eta berriz ari da itunetik urruntzen. Oraingo honetan nabarmen itunetik kanpo geratu da. Hautsi egin du", gaineratu du.

Bien bitartean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak lasaitasunerako mezua igorri du, Jaurlaritzak hezkuntzaren inguruan itxitako ituna "goitik behera" errespetaten duela esanez. "Hezkuntza itunarekin dugun konpromisoa berresten dut. Ez da akordiorik hautsi eta ez da desleialtasunik egon", erantzun die sailburuak kritikei.

Bildarratzek gogora ekarri du eskola pribatuetako 2 urte arteko gelak itunpetzeko neurria ekainean onartutako agindu batean jasota dagoela, eta 2023ko aurrekontuetan ere bai. PP+Cs taldearekin izandako bileran gaia mahai gainean jarri izana "negoziazioen dinamikaren barruan" kokatu du.

EH Bilduk eskatukoa aintzat hartu, eta jarraipen batzordea lehenbailehen biltzeko prest agertu da sailburua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EAJ-PNV Hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Gizartea EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Hezkuntza Aurrekontu Publikoak 2024