Gizartea -

HEZKUNTZA

Hasi da ikasturte berria Euskadin covid protokoloaren amaierarekin eta Lomloe legearen ezarpenarekin

Ikasturtea hasi da, gainera, ikasleen % 0,90eko beherakadarekin, aurreko ikasturtearekin alderatuta. Beherakada hori areagotu egin da Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan. D ereduak jarraitzen du izaten gehien eskatzen dena.

Hainbat neskato, eskola baten atarian. Argazkia: EFE
Hainbat neskato, eskola baten atarian.
Eskolara itzuli dira gaur EAEko 361.000 ikasle

1:24

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak hasiera ofiziala eman dio 2022-2023 ikasturte berriari gaur goizean Donostiako Intxaurrondo Hegoa Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxera egindako bisitarekin.

Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera, ikasturtea ikasleen % 0,90eko jaitsierarekin hasi da. Guztira, ikastetxe publikoetako 361.031 ikasle daude Haur eta Lehen Hezkuntzan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), Batxilergoan eta Lanbide Heziketan. Gainera, aurtengo berrikuntza nagusia da ikasleek covid-19aren aurkako murrizketarik gabe abiatu dutela ikasturtea, bi urtetan indarrean izan ondoren. Dena den, Eusko Jaurlaritzak neurri batzuk mantentzea gomendatu du, hala nola, ikasgelen aireztapena.

41.000 irakasle egongo dira geletan, eta aurten, eurak ere ikasle bihurtuko dira, teknologian gutxieneko konpetentzia lortu beharko baitu 10 irakasletik zortzik, euskal hezkuntzako sistema digitalaren berrikuntza plana tarteko.

Era berean, Lomloe hezkuntza lege berriaren ezarpena askoren buruhauste izango da. Lege berriak berrikuntza nabarmenak aurreikusten ditu, besteak beste, etengabeko ebaluazio sistema eta ikasleen gaitasunen araberako kalifikazioak.

Egiteke zegoen beste gai bat, eskola-garraioko zerbitzuarena, gaur goizean bertan itxi da. Izan ere, ikasturtea hasi baino ordu batzuk lehenago, Hezkuntza Sailak eta garraio elkarteek ezarri beharreko tarifen inguruko akordioa itxi dute. Asteazkenean izandako bilera luze baten ondoren, % 24,1eko igoera batekin itxi dute akordioa bi aldeek. Sailburuak azaldu duenez, negoziazioak "oso zailak" izan dira, baina inplikatutako alde guztien "jarrera" onarekin posible izan da akordioari "ekitea", eta horrekin gai hau "itxitzat" jo du.

Gainera, irakasleen ordezkapenak banatzeko webgunean arazoak izan dira azken egunetan. Hortaz, 2.300 bat irakaslek asteazkeneko azken orduetan ezagutu dute non eman behar dituzte eskolak.

Halaber, suizidioa prebenitzeko protokolo bat jarriko da martxan. Hezkuntza Sailburuordetzaren arabera, ikastetxeak "leku aproposak dira osasun mentalaren arazoak edo suizidiora eramaten dituzten jarrerak antzemateko".

Euskal sare publikoko ikastetxeei esleitutako irakasleen zerrendei dagokienez, nabarmendu du ikasturte honetan, 40 urtean lehen aldiz, plaza gehienak uztailaren lehen hamabostaldian esleitu zirela, eta, horri esker, sistemari "egonkortasun" handiagoa eman zaiola.

Hezkuntza Sailak azaldu duenez, jaiotza-tasaren jaitsieraren ondorioz, ikasle kopuruak behera egiten jarraitzen du, beherengo etapetan bereziki. Haur Hezkuntzan, % 1,21eko beherakada izan du 0-2 urteko etapan, eta % 5,51koa 3-5 urtekoen artean, aurreko ikasturtearekin alderatuta. Lehen Hezkuntzan, % 1,98 gutxiago izango dira aurten. Bai DBHn, bai Batxilergoan, kopuru orokorrek igoera txikiak izan dituzte ikasleen kopuruan.

Sarea eta hizkuntza ereduak

Seme-alabak eskolatzeko familiek aukeratzen duten sareari dagokionez -sare publikoa edo sare itundu-pribatua-, hautu hori aurreko urteetakoaren parekoa da, eta erdiek baino gehiagok egiten duten publikoaren aldeko hautua. Familien % 51,1ek sare horren alde egiten du, eta % 48,9k pribatu edo itunduaren alde.

Hizkuntza-ereduei dagokienez ere, azken urteetako joerari eusten zaio: D eredua da gehien eskatzen dena ikasleen guztizkoaren artean, eta gora egiten du Haur Hezkuntzan: 3-5 urteko adin-tartean, eredu hori da gehien eskatzen dena eta 0,5 puntu egin du gora iaztik. Aipaturiko adin tartean, ikasleen % 82,4 daude D ereduan; B ereduan % 15,1; eta A ereduan, berriz, % 2,4.

Lanbide Heziketan, azken urteetan gertatzen ari den bezala, ikasleen kopuruan igoera ikus daiteke (% 2,27). Baina kontuan izan behar da Lanbide Heziketako matrikulazio-aldia ekainaren erdialdera arte irekita dagoela, eta, beraz, igoera hori are handiagoa izan daiteke oraindik.

Figura berriak

Bere hitzaldian, Bildarratz sailburuak azpimarratu du ikasturte honetan "hezkuntzaz, pedagogiaz eta edukiez hitz egingo dugula gehiago, ez hainbeste Covid-ari buruz". Eta ekitaldia baliatu du hezkuntzako profesional guztiei pandemia garai honetan erakutsi duten konpromisoa eta egin duten lana eskertzeko. "Gure gizartea zorretan dago zuekin", esan du.

Horrela bada, nabarmendu du, ikasturte hasiera honetan covid egoera oso bestelakoa den arren, Hezkuntza Sailak baliabide gehigarriak mantentzearen aldeko apustu irmoa egin duela. Baliabide hauek hezkuntzaren kalitatea hobetzera eta berrikuntzara bideratuko dira orain. Horregatik, ikasturte berri honetan ikastetxe publiko guztiek figura berri bat estreinatuko dutela gogoratu du, Berrikuntza arduraduna, eta gainera, orientatzaileen kopurua ere nabarmen handitu dela esan du. 

Ikasturte honetan curriculum berriak ezartzen hasiko dira etapa bakoitzeko maila bakoitietan. Gai horri dagokionez, Bildarratzek azpimarratu du konpetentzien araberako ikaskuntzak eta ikasleen etengabeko ebaluazioak protagonismo handiagoa hartuko dutela eskoletan, "hezkuntza gero eta pertsonalizatuago bateranzko bidean aurrera eginez", ikasle bakoitzak bere hezkuntza-maila gorena lortzeko helburuz.

"Hezkuntzaren aldeko hitzarmenaren ikasturtea"

Euskal Hezkuntza Lege berriari dagokionez, Bildarratz sailburuak adierazi du Hezkuntza Saila testu artikulatu bat lantzen ari dela, joan den apirilean Legebiltzarrean lortutako akordioaren edukia eta espirituari eusten diena. Lege-proiektua datozen hilabeteetan Gobernu Kontseiluan onartu eta Legebiltzarrera bidaltzeko aurreikuspena egiten du Hezkuntza Sailak.

Tramitazio horrek aurrera egiten duen bitartean, Sailak hezkuntza-araudi berriak bultzatzen jarraitzen du, aipatutako akordioak ezarritako ispirituari jarraituz. Arau horien bidez jauzi kualitatiboa egin nahi da, 2023-2024 ikasturteari begira, plangintzan, antolaketan, ikasleak onartzeko prozesuan eta zuzendaritza-taldeak ahalduntzearen aldeko apustuan.

Bildarratzen esanetan, prozesu horrek eta hobekuntza guztiek hezkuntza komunitatearekin burutu beharreko etengabeko elkarlana eskatzen dute, "lan horizontala". Horregatik, baieztatu du hasi berri den ikasturte hau "Hezkuntzaren aldeko hitzarmenaren ikasturtea" dela. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoako albisteak Araba Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gizartea Eguneko albisteak Eguneko albisteak Hezkuntzako albisteak 2024