Gizartea -

BEROALDIA

Euskal Herriko barnealdea alertan dago beroagatik

Ebroko Erriberan alerta laranja dago tenperatura maximoengatik; ostegunean Nafarroako erdialdera eta Arabako Errioxara hedatuko da, eta ostiralean barnealde osora. Gainera, Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarri du Ebro ondoko eskualdean baso-suteak izateko arriskuagatik.

Tenperatura altuak Gasteizen. Irudia: Jose Antonio Ortiz de Zarate
Tenperatura altuak Gasteizen. Irudia: Jose Antonio Ortiz de Zarate
Tenperatura altuak Gasteizen. Irudia: Jose Antonio Ortiz de Zarate

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herria bero bolada bati aurre egiten ari zaio egunotan; lurraldeko toki askotan asko ari dira igotzen termometroak. 

AEMETek alerta laranja ezarri du Ebroko Erriberan gaurtik, asteazkena, ostiralera arte. Gainera, ostiralean Nafarroako erdialdera ere zabalduko du alerta laranja hori. Kantauri isurialdean eta Nafarroako Pirinioetan abisu horia mantenduko da bero egun hauetan.

Euskalmetek, bestalde, Araban gaurko ezarritako abisu horiari eusten dio. Ostegunean, alerta laranja ezarriko du Euskal Meteorologia Agentziak Arabako Errioxan eta Ebro ondoko bailaran, eta ostiralean EAEko barnealde osora zabalduko da 12:00etatik 20:00etara. Gainerako orduetan abisu horia mantenduko da lurralde osoan. 

Horrez gain, abisu horia ere aktibatu du ostegunerako eta ostiralerako sute-arriskuagatik barnealdean.

Beste egun batez bero handia datorrela eta, tenperatura altuei aurre egiteko prestatu dira Euskal Herriko hiri eta herriak. Nafarroa hegoaldean dago kezkarik handiena; izan ere, Erriberan, 40 gradutik gorako tenperaturak espero dira gaurko.

EAEko barnealdean ere, abisu horiak bere horretan dirau. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdeko hainbat herritan, termometroa 38 gradura iristea espero da gaur. Eguraldiaren iragarpenaren arabera, adibidez, Gasteizen, termometroak 35ºC-ra iritsi daitezke.

Barnealdean bezainbeste ez, baina, kostaldean, gaur, atzo baino bero handiagoa egingo du. Donostia 20 graduko tenperaturekin esnatu da, eta, egunean zehar, 25 graduak gainditzea espero da.

Azaldu dutenez, beroaldia larunbat arratsaldean hasiko da arintzen, Afrikatik datorren aire beroa erretiratu eta Atlantikotik aire freskoagoa sartu ahala.

Zure interesekoa izan daiteke: Bero-boladari aurre egiteko gomendioak

Nafarroan, arreta berezia

Nafarroan krisi kabinetea deituta, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren institutuak alarma gorria ezarri dute Erriberan tenperatura altuengatik larunbatera bitarte arratsaldeko 14:00etatik iluntzeko 21:00etara. Tutera eta Tafallan, esaterako, 40 graduak gaindituko dituzte termometroek. Nafarroako gainontzeko eskualdeetan, ordea, alerta laranja ezarri du Aemet meteorologia agentziak.

Lanean, Lan Osasuneko Zerbitzuak enpresei eskatu die lanaldia planifikatzeko tenperatura altuetara egokituz, eta bero gutxien egiten duen orduetan programatzeko lanik astunenak; lan-espazioetan girotzeko eta aireztatzeko sistemek behar bezala funtzionatzen dutela egiaztatzeko ere eskatu du. 

Gainera, Aemetek ohartarazi du baso-suteak izateko muturreko arriskua dagoela Nafarroan. Hain justu, hiru sute piztu dira azken orduetan; bana Leiren, Tafallan eta Olletan, Foruzaingoak EITB Mediari jakinarazi dionez. Tafallakoa, dagoeneko, kontrolpean dago, eta Leiren eta Olletan lanean jarraitzen dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gipuzkoa Albisteak Nafarroa Araba EAE albisteak Eguraldia Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Bero-boladak azken ordukoa