Gizartea -

Klima aldaketa

Olatuek eta ekaitzek euskal kostaldean sor ditzaketen arriskuei aurre egiteko tresna sorta garatu du Aztik

Teknologia zentroak bi urte eman ditu Euskal Herriko zein Kataluniako hainbat hondartza, portu eta kostaldeko gune aztertzen eta bertako fenomenoak ezaugarritzen. Erreminta berri horri esker, ekaitzok aurreikusteko eta kaltea txikitzeko baliabide gehiago edukiko dituzte erakundeek eta agentziek.

Hondartzei dagokionez, Zarauzkoa aztertu dute ikerlariek. Argazkia: Antonio Dominguez
Olatuak Zarauzko malekoian.
Hondartzei dagokionez, Zarauzkoa aztertu dute ikerlariek. Argazkia: Antonio Dominguez

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Klima aldaketak Euskal Herriko kostaldean zer eragin duen aztertu du Azti teknologia zentroak Marlit mugaz gaindiko proiektuan, eta bi urteko azterlanaren ondotik, olatuek eta ekaitzek sor ditzakete arriskuei aurre egiteko tresna sorta garatu du.

Garatutako teknologia eta ikerlanaren ondorioak aurkeztu dituzte gaur Donostian Aztiko arduradunek eta proiektuan parte hartu dute zientzialariek. Proiektua euskal kostaldean, mugaren bi aldeetan, eta Kataluniako kostaldean ardaztu da, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) finantzazioa jaso du.

Azaldu dutenez, itsas denboraleek Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru gune zehatzetan eragindakoa aztertu dute: Zarauzko (Gipuzkoa) hondartza, Bermeoko (Bizkaia) portua eta Donostiako Salamanka Pasealekua. Ekaitzek itsasertzean izan duen eraginarekin datu base handi bat osatu dute.

Era berean, "tresna teknologiko berritzaileak" diseinatu dituzte. Batetik, bideometria sistema bat —aldiro-aldiro kostaldeko irudiak hartzen dituen kamera multzoa— garatu dute denborale batean olatuek kostaldean duten inpaktuaren parametroak eta inpaktuak monitorizatzeko. Horrez gain, sentsore bat asmatu dute, olatuek kostaldeko azpiegituretan duen eragina neurtzeko. Azkenik, olatuen uholde prozesuak modu fidagarrian erreproduzitzeko gai diren eredu informatikoak landu dituzte.

Pedro Liria AZTIko ozeanografian aditu eta Marlit proiektuaren koordinatzaileak zehaztu duenez, "datu eta soluzio horiek konbinatuz gero, kostako arriskuak tokian-tokian nola eboluzionatuko duen ebaluatu ahal izango dugu, eta, gainera, neurri espezifikoak identifikatu ahal izango ditugu, lurralde bakoitzeko administrazio publikoek ezar ditzaten".

Biarritzeko (Lapurdi) kasua aipatu du Liriak horren adibidetzat. Bertan olatuen eta uholdeen alerta goiztiarrerako protokolo bat ezarri dute eta galera ekonomikoak ekarriko dituen ekaitza zenbat denboraz behin gertatuko den aztertzezko metodo bat garatu dute.

Marlit proiektuaren baitan garatutako teknologia berri horiek dagoeneko probatzen ari dira, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren bitartez, honako udalerrietan: Bermeo (Bizkaia) eta Zarautz, Mutriku eta Donostia (Gipuzkoa).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bermeo Klima-aldaketaren albisteak Donostia Gaurko albisteak Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Biarritz bideoak Zarautz Eguraldia Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Zientzia albisteak Zarauzko hondartza azken ordukoa Lapurdiko berriak Larrialdi klimatikoa 2024 Euskadiko kostaldea albisteak