Gizartea -
KORONABIRUSA
21 pertsona hil dira Euskadin covid-19ak jota, eta intzidentzia 500 kasutik gorakoa da
Aurreko astean baino lau pertsona gehiago hil dira eta intzidentzia metatua 541 kasuraino igo da. Ospitaleetako presioa aurreko astekoaren antzekoa da: 324 gaixo daude gela arruntetan eta zortzi zainketa intentsiboetako unitateetan.
Naiara Ballesteros| EITB Media
Covid-19ak eragindako heriotzak hazi dira azken astean Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Joan den astean 21 pertsona hil ziren, astebete lehenago baino lau gehiago, 17 izan zirenean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak maiatzaren 2tik 9ra koronabirusaren datuak biltzen dituen txostenaren arabera. Euskadin 6.715 pertsona hil dira jada covid-19aren ondorioz.
Gainera, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak 500 puntuko muga gainditu du, eta 541,90 kasukoa da 100.000 biztanleko. Hortaz, Euskadi transmisio-arrisku handian dago berriro. Lurraldez lurralde aztertuta, Arabak du intzidentziarik handiena: 633,27 kasu. Bizkaian intzidentzia metatua 527,74koa da, eta txikiena Gipuzkoan dago: 511,35 kasu.
60 urtetik gorakoen artean, 14 eguneko intzidentzia metatua mila kasutik gorakoa izan da, 1040,24 puntukoa hain zuzen. Adin-tarteen arabera, 14 egunetan 1.000 kasutik gora dituzte 70 eta 79 urte bitartekoek (1.156,02), 80 eta 89 urte bitartekoek (1.103,21) eta 90 urtetik gorakoek (1.092,68); 60-69 urte bitartekoen artean, berriz, intzidentzia-tasa 915,54 da.
Asteko kutsatzeek gora egiten jarraitzen dute eta 5.474 positibo berri izatetik 6.411 izatera igaro dira aste honetan. Astelehenetik ostiralera egunero 1.000 kasu baino gehiago izan dira, baina larunbatean eta igandean nabarmen jaitsi dira kasuak, 577 eta 405 positibo izan baitira, hurrenez hurren.
60 urtetik gorako pertsonen kolektiboa da, berriz ere, kasu positibo gehien baieztatu dituen biztanleriaren sektorea, 3.815 kasu, aurreko asteko 3.304en aldean.
Horrela, positibotasun-tasa, egindako probekin alderatuta kutsatutakoen kopurua islatzen duena, aldatu egin da aste honetan, ostiraleko % 27,9tik atzo, igandean erregistratutako % 15,5era.
Zazpi eguneko intzidentzia metatuak ere gora egin du, epe laburrean zer gerta daitekeen adierazten baitu. Atzo 292,31 kasu izan ziren, aurreko asteko 249,59 kasuen aldean. 60tik gorakoen artean ere indizea hazi egin da: 486,70etik 553,65era.
Bestalde, ospitaleetako egoera aurreko astekoaren antzekoa da. Atzo 324 pertsona ospitaleratu zeuden covid-arekin gela arruntetan, aurreko astean baino zazpi gutxiago. Zainketa intentsiboetako unitateetan hiru pertsona kritiko gutxiago daude, zortzi guztira.
Aurreko astean bezala, daturik positiboena R0 indizeak erregistratu du. Zehazki, igande honetan 1,06an zegoen, aurreko asteko 1,08aren aldean. Arabak 1,32ko birsorkuntza indizea izan du aste honetan, baina atzo 1,1ekoa zen. Ondoren Bizkaia eta Gipuzkoa daude, 1,05ekoarekin.