Gizartea -
KORONABIRUSA
Ospitaleetako egoerak hobera egin du Euskadin, baina gora egin dute gainerako adierazleek eta hildakoek
Pandemiak 25 hildako utzi ditu, aurreko astean baino zortzi gehiago. Intzidentzia metatua 54 puntu igo da, R0a 1,19ra igo da eta 4.000 positibo berri baino gehiago erregistratu dira, astebete lehenago baino 1.100 gehiago. Aldiz, 276 pertsona daude ospitaleratuta.
Naiara Ballesteros| EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetako egoerak hobera egin du azken astean, baina gainerako adierazleek eta hildakoen kopuruak bilakaera negatiboa izan dute.
Horrela, joan den astean 25 pertsona hil ziren Euskadin covid-19aren ondorioz, hau da, astebete lehenago baino zortzi gehiago, 17 zenbatu baitzituzten orduan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak apirilaren 18a eta 24a arteko koronabirusaren datuak bilduz kaleratu duen txostenaren arabera.
ZIUetan 12 pertsona daude ospitaleratuta; beraz, aurreko igandean baino bi paziente larri gutxiago daude. Gela arruntetan ospitaleratutako pertsonen datua ere txikiagoa da: 264 pertsona daude, aurreko astean baino 37 gutxiago.
Guztira 276 gaixo daude EAEko ospitaleetan, eta 315 ziren apirilaren 17an.
Apirilaren 11 eta 17a bitartean, 4.343 koronabirus kasu berri erregistratu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko astean baino 1.141 gehiago. Positibotasun-tasari dagokionez, egindako probekin alderatuta kutsatutakoen kopurua islatzen duena, aurreko astekoaren antzekoa da (% 14,3), baina ostiralean % 23,5era iritsi zen.
Test gehienak 60 urtetik gorakoen artean egin ziren. Poblazio tarte horretan, 2.482 positibo baieztatu zituzten, eta aurreko astean, berriz, 1.980.
100.000 biztanleko 14 eguneko positiboen intzidentzia metatuak gora egin du berriro, eta 358,29 kasukoa da. Datuak lurraldez lurralde aztatertuta, Arabak du intzidentzia handiena, gaur egun 414,01 kasukoa baita, aurreko astean 358,28koa izan ondoren; Bizkaian intzidentzia metatua 345,24koa da, duela zazpi egun 279,25 kasukoa izan eta gero; eta txikiena Gipuzkoan dago, 341,22 kasukoa baita, duela astebete 297,13koa izan ostean.
Zazpi eguneko intzidentzia metatua, epe laburrean zer gerta daitekeen adierazten duena, 198,02koa zen atzo, aurreko asteko 146 kasuen aldean.
R0 indizeari dagokionez (birusaren birsorkuntza ahalmena adierazten duen zenbakia), ostiralean 1,24ra igo ostean, igande honetan 1,19koa zen. Egoera okertu egin da Bizkaian, birusaz kutsatzeko gaitasuna hazi egin baita eta 1,22an baitago; ondoren, Gipuzkoa (1,17) eta Araba (1,15) daude.