Gizartea -
KORONABIRUSA
14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 3.000 kasutik jaitsi da Euskadin
Adierazle guztiek behera egin dute. Ospitaleetan, esaterako, gaixoen kopurua 549ra jaitsi da gela arruntetan eta 88ra ZIUetan.
Naiara Ballesteros | EITB Media
Covid-19aren adierazle guztiek beheranzko joerari eutsi diote azken egunotan Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, 14 eguneko intzidentzia-tasa metatuaren kasuan, 3.000 kasutik behera egin du, eta hori ez zen gertatzen joan den urtearen amaieratik.
Egoerak hobera egin du ospitaleetan: 549 paziente daude gela arruntetan (asteartean baino 23 gutxiago eta duela astebete baino 100 gutxiago) eta 88 daude ZIUetan (asteartean baino bat gutxiago eta duela astebete baino 15 gutxiago), Osasun Sailak ostegun honetan eguneratutako datuen arabera.
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 2.830,63 kasukoa da, duela astebete baino 688 gutxiago. 7 eguneko intzidentzia metatua 308 puntu jaitsi da, 1.277,67 kasuraino.
Intzidentzia beheraka doa hiru lurraldeetan: 2.830,63koa da Araban, 2.671,61ekoa Bizkaian eta 3.110,80koa Gipuzkoan. Hiriburuetan ere beherakadak jarraitzen du: Bilbo 2.510,1 kasukoa da, Gasteiz 2.821,1ekoa eta Donostia 3.001,2 kasuko.
Detektatutako positiboen kopuruak ere behera egin du. Asteazken honetan, 3.371 atzeman dituzte, joan den astean baino 6.000 gutxiago. Gainera, kutsatzeen tasa duela astebeteko % 39tik % 30,7ra jaitsi da. Atzo ia 11.000 covid proba egin zituzten Euskadin, aurreko bi egunetan 14.005 eta 12.076 proba eta aste hasieran 7.117 eta 9.382 egin ostean.
R0 indizeak (kutsatu batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du) ere behera egin du, eta 0,94tik 0,88ra jaitsi da azken egunetan. Indize hori hiru lurraldeetan jaitsi da: 0,82ra Gipuzkoan eta 0,83ra Araban eta Bizkaian.