Gizartea -
KORONABIRUSA
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua neurri bateratuak prestatzen ari dira Urtezahar egunerako
Maria Chiviteren gobernuak astelehen honetan bertan joko du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusira, murrizketak ezartzeko baimen eske.
EITB Media
Kutsatzeek gora egiten jarraitzen dute eta Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua neurri murriztaileak prestatzen ari dira koronabirusaren seigarren olatua geldiarazten saiatzeko. Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak gaur bertan joko du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusira, murrizketak ezartzeko baimen eske.
Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua hizketan ari dira, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan gisa bereko edo antzeko neurriak ezartzeko asmoz.
Eusko Jaurlaritzak jarduera komertzial, sozial eta kultural guztiak 01:00etarako amaitzea proposatuko du. Abenduaren 31n (Urtezahar), urtarrilaren 1ean (Urteberri), urtarrilaren 5ean (Errege Bezpera) eta urtarrilaren 6an, ostera, 21:00etan bukatu beharko lukete. Salbuespen gisa, afari zerbitzua eman behar duten jatetxeek 23:30ean itxi ahalko dute.
Urtarrilaren 1ean eta 6an establezimenduek ezingo lukete 08:00ak arte ireki.
Ostalaritzari dagokionez, barran kontsumitzea eta mahai bakoitzean hamar lagun baino gehiago elkartzea (barruan zein terrazan) debekatu nahi du Eusko Jaurlaritzak.
Gimnasio eta kirol instalazioetan, gehienez 10 pertsonako taldeak elkartuko ahalko dira. Aldagelen gehienezko edukiera % 50era murriztuko da.
Oro har, toki itxietan, edukiera % 60koa izango litzateke.
Estadioetan edo 5.000 ikusle baino gehiago hartzeko tokia duten espazioetan edukiera % 50era jaitsiko da.
Ondorengo egunetako ospakizunei begira, 10 pertsona baino gehiago eta bi familia unitate baino gehiago ez elkartzea gomendatzen du Eusko Jaurlaritzak.
Bestalde, Nafarroako Gobernua barruko edukierak murriztearen alde agertu da. Jarduera guztiak 01:00etan amaitzea nahi du eta, ostalaritzari dagokionez, barran kontsumitzea debekatu.