Gizartea -
KORONABIRUSA
Hauek dira 150etik gorako intzidentzia metatua duten EAEko udalerrietan aplikatuko diren neurriak
Udal agintariek baloratu beharko dute prebentzio neurriei eutsi ezin zaien jarduerak bertan behera uztea edo atzeratzea, eta, aldiz, betetzen diren kasuetan neurriak indartzea.
Onintza Aiestaran | EITB Media
100.000 biztanleko 150 kasuko intzidentzia metatua duten udalerriei bideratutako neurri berriak iragarri ditu gaur Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, neurriak ez dira automatikoki sartuko indarrean, eta horien inguruko azken erabakia udal agintariena izango da.
Hurrengo neurriak jasotzen dituen agindua azaroaren 17an (asteazkena) argitaratuko da, eta orduan sartuko da indarrean.
- 2021eko urriaren 6ko aginduan aurreikusitako prebentzio neurriak betetzen direla bermatu ezin diren jarduera guztiak bertan behera uztea edo atzeratzea. Udal agintariek baloratu beharko dute hori.
Arreta berezia jarriko da jan eta edaten den ekitaldietan.
- Prebentzio neurriak mantenduz egiten diren ekitaldietan, kanpoaldean zein barrualdean izan, neurri gehigarriak indartzea komeni dela iritzi dio Eusko Jaurlaritzak:
o Kontzentrazioak aurreikusten diren tokietan jendea hartzeko espazioa handitzea.
o Pertsonen fluxu ordenatua errazteko korridoreak irekitzea.
o Elikagaiak eta edariak saltzeko eta kontsumitzeko guneak mugatzea.
o Ahal denean, jarduerak kanpoan antolatzea.
Jende pilaketak ekiditeko gaur iragarritako neurri horiek urriaren 6ko aginduaren osagarri izango dira. Hauek dira indarrean dauden beste murrizketak:
- Espazio itxietan eta 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan antolatutako ekitaldietan, % 80eko muga egongo da.
- Leku itxietan edota kanpoaldean egiten diren kirol eta kultur ekitaldietan, debekatuta egongo da jatea eta edatea (ura bakarrik edan ahal izango da). Jateko eta edateko propio egokitutako lekuetan bakarrik kontsumitu ahal izango da.
- Maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da leku itxietan, eta baita leku irekietan ere, segurtasun tartea errespetatu ezin bada.