Gizartea -

Griperaren kanpaina

Astelehenean hasiko da EAEn gripearen aurkako txertaketa kanpaina arrisku handieneko herritarrekin

Gainera, 70 urte edo gehiago dituzten eta covid-19aren txertoa sei hilabete lehenago jaso dutenek gripearen eta koronabirusaren hirugarren dosiaren txertoa egun berean hartu ahal izango dute. Arrisku taldeek gripearen aurka txertatzeko ordua har dezakete jada.

Kanpainaren aurkezpeneko argazkia. Iturria: Irekia
Kanpainaren aurkezpeneko argazkia
Kanpainaren aurkezpeneko argazkia. Iturria: Irekia

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Astelehen honetan, urriaren 18an, hasiko da gripearen aurkako txertaketa kanpaina EAEn (aste honetan hasi dira egoitzetako erabiltzaileak txertatzen), Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi duenez. Arrisku taldeek gripearen aurka txertatzeko ordua har dezakete jada.

Txertoa jasotzen lehenak arrisku taldeko pertsonak izango dira; 65 urtetik gorakoak, patalogiaren bat dutenak, haurdun dauden emakumeak eta osasun-langileak, gizarte-zerbitzuetakoak edo pertsona ahulak zaintzen dituztenak.

Halaber, Sagarduik gogorarazi du 70 urte edo gehiago dituztenek gripearen aurkako txertoaren ziztada covid-19aren hirugarren dosiarekin batera jarri ahal izango dutela. Hori bai, horretarako bi baldintza bete behar dituzte: 70 urte edo gehiago izatea eta azken txertoa sei hilabete lehenago jaso izana.

Sagarduik ostegun honetan aurkeztu du 2021eko udazken-neguko gripearen aurkako txertaketa kanpaina. Orain gripeak ez gaitzala banandu. Txertatu lemapean, kanpaina astelehenean abiatuko den arren, txertoa hartzeko hitzordua dagoeneko har daitekeela jakinarazi du osasun sailburuak. Zita hartzeko bi bide gaitu dira: Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun-zentrora deituta.

Gripearen aurkako txertaketa kanpainaren kartela

Arrisku taldekoak ez direnek eta txertoa hartu nahi dutenek ere horretarako aukera izango dute, baina azaroaren 15era arte itxaron beharko dute.

"Euskal gizartea heldua eta arduratsua da", esan du Sagarduik eta 2020ko kanpainan gripearen aurkako txertoa 2019ko kanpainan baino % 34 gehiago jarri zituztela gogorarazi du. Hori dela eta, sailburuak azpimarratu du gripeari aurre egiteko dugun babes neurri nagusia dela txertoa, eta, horregatik, txertoa hartzera deitu ditu herritarrak.

Guztira 651.333 dosi erosi dira, eta berritasun gisa, Sagarduik azaldu du kanpaina honetan txertatuko den txertoa tetrabalentea izango dela, aldaera gehiagoren aurkako babesa eskaintzen duena.

Dena dela, sailburuak esan duenez, txertoa ez da gripetik babesten laguntzen digun neurri bakarra, eta covid-19az babesteko neurri berberakin jarraitu behar dela azpimarratu du. Hau da, jende pilaketak saihestu, eskuak maiz garbitu, eremu itxiak aireztatu eta musukoa erabili.

"Azken neurri hau azpimarratu nahi dut eta hedabideei laguntza eskatu nahi dizuet", azaldu du. Aurreko urtean ia ez genuela griperik izan, hein handi batean musukoari esker, gaineratu du. "Aurten ere berebiziko garrantzia du. Mesedez erabili dezagun musukoa, batez ere eremu itxietan eta bai ala bai gripe sintomak baditugu", esan du.

Covid-19aren aurkako babes-neurrien ondorioz, gripearen zirkulazioa nabarmen jaitsi zen joan den neguan, eta horrek esan nahi du taldean hartutako immunitatea galdu dela eta gaixotasun horrekiko sentikortasun handiagoa dagoela.

Hala, datorren gripe-denboraldia urtarrilaren amaieran iritsiko da gailurrera, eta baliteke lehenago eta kasu gehiagorekin hastea, nahiz eta zaila den aurreikuspenak egitea, eta, horregatik, arrisku-taldeentzako gomendio nagusia txertoa jartzea da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Azken ordukoa Bizkaia Gaurko albisteak Gipuzkoa Araba EAE Gaixotasunak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako Ospitalea albisteak Erizaintza Medizinak albisteak Txertoak Donostia Unibertsitate Ospitalea Arabako Unibertsitate Ospitalea COVID fokuak Galdakao-Usansolo Ospitalea azken ordukoa Anbulatorioak albisteak